“Zaintza-sistema publiko baten alde” greba deitu du ELA sindikatuak
ELA sindikatuak deituta, "zaintza-sistema publiko baten alde eta pandemiari aurre egiteko berehalako neurrien alde" grebara jo dute zahar egoitzetako, etxez etxeko laguntza zerbitzuko edota adingabeen arreta-zentroetako langileak, besteak beste.
ELA sindikatuak zaintza-greba deitu du gaurko, azaroak 17, “zaintza-sistema publiko baten alde eta pandemiari aurre egiteko berehalako neurrien alde”. “Zaintza baino gauza garrantzitsuagorik” ez dagoela aldarrikatu du ELAk gaurko greba egunean. Elkarretaratzea egin dute sektoreko langileek Andra Mari Zuriaren Plazan.
Sektore feminizatu eta oso prekarizatua da zaintzarena, geroz eta gehiago pribatizazio-eredu batean murgiltzen ari dena. Gainera, erakunde publikoek eta alderdi politikoek ez diete enpresei inongo eragozpenik jarri eredu horretan sakontzen jarrai dezaten.
Plantilla eskasak, egutegi gizagabeak, soldata murritzak, inbertsio falta eta langileen aparteko ahaleginarekin sostengatzen den arreta eskasa dira zaintza sektorearen ezaugarriak. “Eredu horrekin aldatzea beharrezkoa dela” azaldu du ELAk: “Publikoa eta denontzakoa izan behar da”.
Egiturazko aldaketak
Egiturazko aldaketak exijitu dituzte gaurko greba egunarekin, “zaintzen ardura kolektibizatuko duen zerbitzu publiko bat” lortze aldera; “milaka emakumeren lan-baldintzak errotik aldatzeko, eta bizkar gainean daramagun zainketen zama astuna arindu eta birbanatzeko”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!