Tratatu gabeko 5.000 milioi litro ur isuri ziren 2017an Zadorra ibaira
AMVISA udal enpesa pribatuak aurkeztutako memoriaren datuak dira. Argi geratu da Zadorrako urak lindanoz kutsatuta daudela.
Gasteizko Udal Urak, S.A. (AMVISA) udal enpesa pribatuak 2017.urteko memoria aurkeztu du. Datu guztien artean, esanguratsuena eta larriena Zadorra ibaikoa da: urte batean tratatu gabeko 5.000 milioi litro ur isuri ziren Gasteiztik pasatzen den ibaira.
Hori gutxi balitz, argi geratu da Zadorrako urak lindanoz kutsatuta daudela. Urteak dira pestizida gisara erabili izan den substantzia toxiko eta arriskutsua ibaian aurkitu zutela. Zehazki, 2013an aurkitu zituzten aurreneko arrastoak. Ordutik, arauz kanpoko lindano kantitatea aurkitu dute uretan, ibaiak emari handia duenean izan ezik.
Hainbat ikerketen arabera, Bizkaiko lantegietatik Gasteizera lekualdatutako lindano hondakinak dira egun Zadorrako urak kutsatzen dituztenak. Lindanoa ekoizten zuten hiru fabrika izan ziren Bizkaian 1950 eta 1990 urteen artean: Barakaldon, Erandion eta Zornotzan. Orotara, ia 100.000 tona hondakin sortu zituzten hiruren artean.
Hondakinak Gasteizera iritsi ziren, ordea, Gardelegiko zabortegira. Oraindik argitu gabe dago nola eta noiz. 2015. urtean jakin zuten udal zabortegian dauden hondakinen eragina dela ibaiaren gaur egungo kutsadura. Hala erakutsi zuten Eusko Jaurlaritzak eta Ebroko Ur Konfederazioak isurien jatorria aurkitzeko egindako ikuskaritzek.
Gardelegiko zigilatu gabeko eremuetako lixibiatuak daude kutsatuta: hau da, zabortegian metatuta dauden hondakinak zeharkatzen dituzten lur azpiko likidoak. Likido horiek usteltzen ari diren hondakinek sortutako materia garraiatzen dute. Lixibatu edo likido horiek Krispiñako araztegira joaten dira zuzenean, tratatu gabe, saneamendu sarearen bitartez. Eta araztegitik pasatuta, ur hori ibaira doa gero.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!