Zaballako espetxeko azken heriotza salatzeko elkarretaratzea egin du Salhaketak
23 urteko gazte baten hilotza aurkitu zuten iragan uztailaren 17an Zaballako kartzelan, Salhaketak elkarretaratzea egin du Gobernu Delegaritzaren aurrean gertakaria salatzeko. 2019an bost preso hil ziren Zaballako makro-espetxean. Heriotzekin amaitzeko neurri zehatzak proposatu ditu Salhaketak
23 urteko gazte bat hilik aurkitu zuten Zabllako espetxean iragan uztailaren 17an. Gazteak L.F.B.C. izenari erantzuten zion, Arabarra zen eta 4 urte zeramatzan espetxean preso. Heriotza berri hori salatzeko elkarretaratzea burutu du gaur Salhaketak Gobernu delegaritzaren aurrean. «Saihestu zitekeen tragediatzat» jo du Salhaketak gaztearen heriotza eta salatu egin dute espetxeko funtzionarioek gertaera jakinarazi ez izana.
«Urtez urte arrazoi naturalik gabe hiltzen diren gazteen kopurua etengabe haziz doala» ohartarazi dute Salhaketatik. 2019an bost preso hil ziren Zaballako makro-espetxeko hormen atzean. Heriotza guzti horiek ezkutatzeko “sistematika politika” deitoratu eta hauen gaineko informazio publikorik ematen ez dela gogor kritikatu dute Salhaketako kideek.
Indarrean dagoen legeria zorrotz aplikatuz gero heriotzak ekidin daitezkeela ziurtatu dute elkarretaratzean bildutakoek eta kezka berezia erakutsi dute agintari politiko eta judizialek gertaera horiek argitzeko duten ekimen ezaren inguruan.
Heriotzekin amaitzeko neurri zehatzak
Heriotza guzti horiekin amaitzeko neurri zehatzak jarri ditu Salhaketak mahai-gainean. Lehenik, Ministerio Fiskalak heriotzen ikerketetatik ez urruntzea eskatu dute, gertakarien erantzukizun politikoak, administratiboak eta penalak argitze aldera. Espetxeetako zuzendaritzek familiei informazioa inpartzialtasunez ematea eta erantzukizun zibil eta penalak eskatu ahal izateko beharrezko laguntza eskaintzea galdegin dute ere.
“Prozesu-fasean ordezteko eta betearazpen-fasean kondena baldintzapean eteteko neurriak” garatzea proposatu du Salhaketak, esaterako droga-mendekotasuna gainditzeko programengatik ordezkatuz. Mendekotasuna gainditzeko programa hauek kartzelak baino eraginkortasun handiagoa erakutsi dute delituen aurkako prebentzioan eta borrokan, “kartzelak droga-mendekotasunak agertzeko edota larriagotzeko guneak” direla gaineratu dute.
Legediari dagokionean honen berehalako erreforma eskatu dute. Adierazi dute espetxe-arloko legediak beharrik gabe luzatzen dituela kondenak eta mugatu egiten dituela irteteko baimenak lortzeko aukerak, hala nola hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna. Gainera, legeak agintzen duen bezala, gaixotasun larriak dituzten presoak berehala askatzea eskatu dute.
Azkenik, “espetxe bakoitzeko gaitasun optimora arte”, presoen kopurua murriztea proposatu dute: “Egungo masifikazioa saihesteko”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!