Willis Drummond taldeak kontzertua eskainiko du urtarrilaren 5ean Gasteizen, Joseba Baleztenaren agurrean
Taldeak iragarri duenez, “oso kontzertu bereziak izango dira” azken hauek. “Ziklo berria” irekiko du taldeak eta Joseba Baleztenak bere bakarkako ibilbidea “lehen planoan” jarriko du.
Willis Drummond taldean aldaketak espero dira datozen hilabeteetan. Tartean, Hala Bediko kidea izan den Joseba Baleztenak taldea utziko du datozen asteetako kontzertuetan ostean. Bilbo, Alegi, Atarrabia, Elorrio… eta Gasteiz. Urtarrilaren 5ean kontzertua eskainiko dute Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Baleztena taldearekin Gasteizen ikusteko azken aukera izango da hau. Gitarristak, bere bakarkako lanari arreta handiagoa jartzeko utziko du taldea “eta beste proiektu batzuetan gehiago inplikatzeko”.
Jon Iraundegiren lanari esker argitaratutako argazki-bilduma liburuaren kaleratzea ospatzeko, sei kontzertu eskainiko ditu Willis Drummondek abenduan eta urtarrilaren hasieran. Iragarri dutenez, “oso kontzertu bereziak izango dira”.
“Errepertorio berezi bat landuko dugu, kontzertu luzea eskaintzeko, gure diskografiaren itzulia eginez noski, berriz sartuz aspalditik jo gabe diren kanta batzuk, baita taldearen historian bereziak izan diren bertsione batzuk, Neil Young & Crazy Horserenak kasu”, aipatu dute.
Kontzertu hauekin lotutako albiste nagusia baina, Joseba Baleztenaren agurra da. Lau urte eta gero gitarristak taldea uztea erabaki du bere bakarkako ibilbidea “lehen planoan” jartzeko: laster disko berria kaleratuko du.
Kontzertu hauen ostean, “ziklo berria” irekiko du taldeak. Oraindik ez dute honen inguruan ezer aurreratu nahi izan. “Nahiago dugu momentuz ospakizunean zentratu… Ospa dezagun liburu hori, ospa ditzagun bertan agertzen diren 10 urteak, baita Josebarekin konpartitutako azken urte hauek ere, eta ospa dezagun zuekin, elkarrekin hastapenetik bizitzen dugun abentura hori…”, aipatu diote badok.eus-eko lagunei taldeko kideek.
Jimmy Jazzen eskainiko duten kontzerturako sarrerak aretoaren webgunean daude salgai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!