Urte hasieratik 10 langile kaleratu dituzte Asparrenako Lyrsa-Derichebourg enpresatik
45 langileko plantilla batetik, martxotik azarora 10 langile kaleratu dituzte Asparrenako Lyrsa-Derichebourg enpresatik eta kaleratze gehiago aurreikusten dituzte. LAB sindikatuak enplegua defendatzeko dinamika bat jarri du martxan.
Asparrenako Lyrsa-Derichebourg enpresan enplegua suntsitzen ari dela salatu du LAB sindikatuak. Derichebourg multinazional frantsesak erosi zuen Lajo y Rodriguez, SA (LYRSA) birziklatze enpresa zena; salerosketa-operazioan 2 urtez enplegua mantentzeko klausula bat sinatu arren, martxotik azarora bitarte 10 langile kaleratu dituzte, urte hasieran 45 behargin ziren plantillan. Enpresak ez ditu kaleratze gehiago baztertzen
Osasun krisia hasi zenetik ABEE desberdinetara jo du enpresak, enplegu erregulazio espediente hauek enpleguarekiko konpromisoa eskatzen duten arren, “behin eta berrio hau bete ez izana” gogor kritikatu du LABek.
Derichebourg taldeak korredore atlantiarrean zentro logistiko huts bezala utzi nahi du Asparrenako lantegia. LABen iritziz enpresak pandemia egoera baliatu nahi du bere planak aurrera eramateko, langileek mobilizatzeko izango dituzten mugez jakitun.
Enpresak 2016 eta 2017 urteetan 8 milioi eurotik gorako irabaziak banatu zituela gogorarazi du sindikatu abertzaleak; “baita galerak aitortu zituen urteetan ere”.
Enplegua defendatzeko dinamika martxan
LAB sindikatuak Asparrenako plantan bizi den egoera sozializatzeko dinamika bat jarriko du martxan langileekin batera: “odolustea geratzea lortzeko urratsak adosteko”. Besteak beste, babes-mozioak aurkeztuko dituzte Asparrena eta Donemiliagako udaletan.
Lyrsa-Derichebourg-en ez dagoela inor soberan azpimarratu dute eta enplegua bermatzea eskatu dute: “Ez dugu onartuko egoeraren zama guztia langileon bizkar erortzea. Ez da bidezkoa batzuk poltsikoak bete eta aberasten diren artean, enpresa langileak kaleratzen ibiltzea aitzakia ekonomikoekin”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!