Urtarrilean aurkeztuko dute Araban “Zizelkariak”, Topaturen dokumental berria
Euskal Herriko periferiak erdigunera ekartzeko asmoarekin ekoiztu du Topatuk "Zizelkariak" dokumentala. Crowdfunding kanpaina behin gaindituta aurkezpen birari ekin diote egileek, bira hori urtarrilean iritsiko da Arabara, hiru proiekzio daude antolatuta dagoeneko.
Euskal Herriko periferiak erdigunera ekartzeko asmoarekin “Zizelkariak” dokumentala ekoiztu du Topatuk, Euskal Herriko sei ertzetan hainbat arlotan borrokan ari diren sei gazteri ahotsa emanez. Topatuk ekoizturiko laugarren dokumentala da honakoa, aurretik “Tximeletak”, “Arrakala” eta “Gure kabuz ala hil” lanak aurkeztu dituelarik.
Euskal Herriko periferia geografikoetan bizi diren sei gazteren bizipenak eta esperientziak bildu ditu dokumentalak, “ertzetako borroketatik Euskal Herri bat irudikatzeko”, Tartean Arabar Errioxako gazte asanbladako kidea den Jonen bizipenak.
Eraikuntzaren eta inurri lanaren garrantzia azpimarratu nahi du dokumentalak, Gazte Mugimenduetan egiten den eguneroko lanari ikusgarritasuna emanez. Periferiak eridgunera ekarri eta Euskal Herriaren irudikapen bat egitea ere du helburu Topaturen laugarren dokumentalak, periferiekiko dauden aurreiritziak hautsiz.
Crowdfunding kanpaina jarri zuten martxan egileek eta baita hau gainditu ere. Jasotako ekarpen ekonomikoekin dokumentalaren ekoizpenak dituen gastuei egin ahalko diote aurre.
Aurkezpen bira, urtarrilean Araban
Iragan azaroaren 30ean burutu zuten Tuteran “Zizelkariak” dokumentalaren aurkezpena. Hurrengo hilabeteetan ibilian egongo dira Euskal Herriko hainbat txokotatik egindako lana elkarbanatuz. Durangoko azokan ere presente izango dira. Araban dagoeneko hiru proiekzio daude antolatuta dagoeneko, lehenengoa Eskuernagan, berriki okupatu duten Subserra Gaztetxean, urtarrilaren 24an arratsaldeko 19:20etan. Hurrengoa Buradon-Gatzagako Gaztetxean egingo dute urtarrilaren 25ean eta, aurkezpen birari amaiera emateko, Gasteizko Oihaneder euskararen etxean proiektatuko dute dokumentala otsailaren 12an.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!