Urtarrilaren 27an hasiko da Bertso Kuadrillartekoa
Guztira 280 parte hartzailetik gora izango dira Kuadrillartekoaren zazpigarren edizioan. Finala martxoaren 25ean jokatuko dute Laudion.
Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketaren zazpigarren edizioa hasiko da laster: urtarrilaren 27an izango dira lehen saioak, Gasteiz eta Oionen. Finala Laudion jokatuko da, martxoaren 25ean. Bi hilabeteko tartean Arabako hamaika herritan izango dira txapelketako saioak. Bertso-eskolen eta Arabako Bertsozale Elkartearen artekoan antolatzen dute lehiaketa, “izaera kolektiboan eta bertsolaritza herrikoian oinarrituta”.
Bi urtean behin egiten da Araban Kuadrillartekoa, 2010etik. 2018 eta 2020ko bideari eutsita Txapelketa formatua izango du aurtengoak ere eta orain arteko bidean sakontzea izango du xede: Arabako bertsolaritzak urteetan eraikitzen joan den mugimendua saretu eta indartzeko. Taldeka parte hartzen da Txapelketa honetan eta bi modalitate ditu: bat-batekoa eta idatzizkoa. Taldeetako parte hartzaile guztiak kontuan hartuta (gai-jartzaileak, epaileak, sukaldariak, argazkilariak…) 280 lagun baino gehiago izango dira aurten txapelketan.
Bat-bateko modalitatean 12 talde lehiatuko dira, lau ligatan. Talde bakoitzean gehienez sei bertsolari arituko dira kantuan eta, horiekin batera, gai-jartzaile, epaile, argazkilari, grabatzaile eta sukaldariek hartuko dute parte. Horrela, talde bakoitza hamar bat lagunek osatzen dute.
Aiaraldea, Arabar Errioxa, Mendialdea, Lautada, Gorbeialdea eta Gasteiz eskualde edo herrietakoak dira taldeak. Horietako bakoitzak, gainera, antolatzaile lanak ere egiten ditu: norbere herrian edo eskualdean saioak antolatzeaz arduratu dira eta. Aurten, guztira, 64 lagun ariko dira bertsotan, 16 epaile lanetan, 16 lagun gai-jartzaile beharretan, eta gainerakoak bestelako funtzioetan (kronista, argazkilari, sukaldari edota musikari).
Idatzizko lanetan, bestalde, 16 taldek hartuko dute parte: Gazte Asanbladak, Mintzalagun taldeak, lagun kuadrillak, bertso eskolako kideak… Bertsoak prestatu, idatzi eta jende aurrean edo jendearekin batera kantatuko dituzte. Arabako zortzi eskualdetako ordezkariek parte hartuko dute bertso jarrien modalitatean.
Urtarrilaren 27tik martxoaren 25era, saioen egutegia:
Kanporaketak (12 saio)
Urtarrilak 27: hiru saio: Gasteiz (bi saio) eta Oion
Urtarrilak 29: Laudio
Otsailak 3: Gasteiz
Otsailak 4: Aramaio eta Agurain
Otsailak 5: Narbaiza
Otsaila 10: Aramaio (bi saio)
Otsailak 11: Murgia eta Corres
Finalaurrekoak (3 saio)
Otsailak 26, igandea, 1.finalaurrekoa: Aguraingo Zabalarten
Martxoak 4, larunbata, 2.finalaurrekoa: Bastidako Kultur Etxean
Martxoak 12, igandea, 3.finalaurrekoa: Murgia, Zuiako udaletxean
Finala
Martxoak 25, larunbata, Laudio
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!