Urtarrilaren 17 eta 18an izango dira aurtengo Izan Media tailerrak, herri mugimenduaren ahalduntze komunikatiboa helburu
Urtero bezala, 2020aren hasieran, Izan Media herri komunikazio tailerrak antolatuko ditu Hala Bedik. Aurtengo hitzordua urtarrilaren 17 eta 18an izango da, Oihaneder Euskararen Etxean.
Izan Media tailerrek data berria dute dagoeneko. Edizio berria bi egunetan banatuko da: Urtarrilaren 17an, Prentsa eta Sare Sozialei buruzko tailerra eta 18an, Irratigintza, Bideogintza eta Kartelgintza tailerren artean aukeratu beharko da, tailerrak egun osokoak izango dira.
Tailerretan parte hartzeko, aldez aurretiko izen ematea beharrezkoa izango da, azken eguna urtarrilaren 11a izanik. Matrikula 10 eurotan da, eta Hala Bediko USBa ere banatuko zaie parte hartzaileei, tailerren eduki teoriko eta hainbat baliabideekin.
Izena emateko, ondoko formularioa bete behar da. Larunbatean, denok batera bazkaltzeko aukera egongo da, baina horrela zehaztu beharko da formularioan. Ostiralean, 17:00etatik 20:00ak arte izango da tailerra, eta larunbatean aldiz, 10:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 19:00rak arte.
Ahalduntzerako lau tailer
Bideogintzan, irratigintzan, kartelgintzan eta prentsa eta sare sozialen kudeaketan sakontzeko lau tailer eskainiko dituzte Izan Media tailerrak.
- Bideogintza prozesuan trebatzeko arlo ezberdinak landuko dira. Audioa eta irudiak grabatzeko oinarrizko kontzeptuak ikasi eta tailerretako irudiak grabatu ostean, bideo baten ediziorako gakoak landuko dira. Azkenik, formatu jakin batean esportatu eta sare sozialetan zabaltzeko aukera ezberdinak ikasiko dira.
- Irratian jarduteko baliabide ezberdinak behar ditugu. Kuña bat nola egin, mahai tekniko bat nola kontrolatu, nola lokutatu… Ahozkotasuna irratigintzan: hausnarketa, teoria eta produkzioa. Ahozkotasunaren gakoak aurkeztu eta ahozko produkzioan barneratuko gara hitza mingainetik mikrora eramanaz. Irrati mahaiaren erabilera: irrati mahai baten funtzionamendua ezagutu eta ahozkotasunean sortutako audioak grabatuko dira (irratian). Audio edizioa: Grabatutako audioak editatzen ikasi, oinarrizko programa baten bitartez.
- Kartel bat egiten ikasteko tailerra izango da. Kartel bat egiten nola hasi, kontuan hartzeko irizpide ta kontzeptu praktikoak, diseinu grafikorako programa bat nola erabili, eta esportatzeko eta zabaltzeko edota inprimitzeko aholkuak.
- Prentsa deialdi egoki bat , txio biral bat edo kanpaina komunikatibo aproposak nola planteatu daitezkeen eta orokorrean herri mugimenduaren proiekzio komunikatiboa eraginkortzeko gako batzuk landuko dira tailer honetan.
Parte hartzeko arrazoiak soberan
Komunikabideek mugitzen dute mundua. Askotan errepikatuagatik, oharkabean ahazten dugun egia horietako bat da. Komunikatzen ez dena, azken batean, ez delako existitzen. Zerbaiten parte izan nahi duenak, beraz, komunikatzeko beharra dauka. Edo beste era batera esanda: izan nahi dugulako komunikatzen gara.
Hedabide nagusiak gutxi batzuen eskuetan dauden garaiotan, bestelako gizarte eredu baten alde lanean gabiltzanontzat, egiten duguna behar bezala komunikatzea ezinbestekoa da. Eta horretarako, eskura ditugun tresnak ahalik eta ondoen erabili behar ditugu.
Hori da, hain zuzen ere, Hala Bedik antolatutako Izan Media tailerren helburua. Irratsaio bat, bideo bat zein kartel bat egiten trebatzeaz gain, herri mugimendutik prentsa eta sare sozialen lanketa egokia egiteko formakuntza ere izango da. Gainera, Hala Bedi hobeto ezagutzeko eta bertan parte hartzen hasteko aukera aproposa da honako hau.
* Izena emateko epea urtarrilaren 11n amaitu da. Hala ere, irratigintza tailerrean oraindik lekua geratzen da. Tailer honetan parte hartu nahi baduzu, lehenbailehen idatzi halabideoak@gmail.com helbidera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!