Urro (Txago Komunitate Sarea): “Kezka zahar batetik sortu da proiektua. Auzoak dituen baldintzengatik, ez genuen elkartzeko lekurik”
Kultura saretu aldizkariaren lehenengo alea aurkeztu du Gasteizko Txagorritxu auzoko Txago Komunitate Sareak. "Merkantilizazioaren garaietan" kultura eskubide bat dela aldarrikatu dute aldizkarian. Etxe Gorria podcastaren lehenengo atala ere kalean da jada. Bi proiektu hauek, formatu ezberdinetan badatoz ere, helburu berdina partekatzen dute: komunitate nortasuna indartu, elkar-ezagutza bultzatu eta elkarguneak sortzea.
“Komunitate sare hau hausnarketa batetik dator” dio Urrok Txago Komunitate Sareko kideak; urteak daramatzate auzoan antolatzen, “batez ere auzoko jaietan, baina jaietatik haratago ere zerbait egiteko beharra sentitu dugu.” Auzoa berpizteko asmoarekin dator Txagorritxu auzoko komunitate sarea.
Kezka batetik sortu zen, “kezka zahar batetik. Auzoak berak dituen baldintzengatik ez genuen topatzen elkargunerik. Haur, gazte eta adinekoen arteko espaziorik ez zegoen.” Honek urteetan zehar “komunitate proiektuen posibilitatea lausotu duela seinalatu du Urrok. Egoera kezkagarri honen aurrean, hainbat proiektu atera berri ditu Komunitate Sareak auzoan izaera komunitarioa berreraiki, eta bultzatzeko asmoz. Horretara datoz Etxe Gorria podcasta eta Kultura Saretu aldizkaria.
Aldizkariari dagokionez, “helburu ezberdinetatik” planteatu dute Txago Sareko kideek. Hainbat auzokoren gustu eta gomendioak batzen ditu Kultura Saretu aldizkari berriak. Auzokoen ezagutza du ardatz, eta auzoan zehar bildutako jolas, film eta liburu desberdinen izenburuz beteta dator. Aldizkariaren apustu garrantzitsuenetakoa da belaunaldiartekoa izatea. Lehen ale honek, adin guztietako auzokideen gomendioak jasotzen ditu.
Gomendio hauek ez dira baina paperean geratuko soilik. Beste proiektu handiago bat izango da komunitate sarearen hurrengo pausu handia: herri liburutegia osatzea. “Modu ez merkantil batean”, maileguen bidez adibidez, eskuratu ahalko dituzte Txagorritxuko auzokideek elkarren gomendioak. Herri liburutegia beharrezkoak iruditzen zaizkien, eta auzoan falta diren “elkarguneetako” bat izatea bilatzen dute.
Sorkuntza prozesua ez da erreza izan. Diseinua, kontaktuak… Auzoko taberna eta espazio publikoetan nahi dute zabaldu “hiruhileko izaera izan nahi duen aldizkaria.” Harrera ona izan du proiektuak eta “liburuxka polita” geratu zaiela adierazi du Urrok. “Lan polita bezain nekagarria da baina orain emaitzak ikusita, pozik gaude eman dituen fruituekin.”
Aldizkariaz gain, Etxe Gorria podcasta sortu dute. Helburu berdintsuarekin dator, baina ikus-entzunezko formatuan oraingoan. Auzoan paper zentrala duten langile, auzokide, lagun, zahar, gazte eta tartekoekin batera, etorkizunean elkargune izan daitezkeen auzoko espazioak ezagutzera ematea da helburua.
Podcastaren lehenengo atala igandean irten zen, Txutxi eta Josune izan dira lehenengo gonbidatuak, Indartsu Tabernako langileak. “Modu intergerazionalean, auzokideen elkargune da Indartsu taberna. Ibilbide luzea dute ostalaritzan Josune eta Txutxik, baita kultur bultzatzaile bezala ere, “asko lagundu digute, hau da haiei bueltatzeko modu bat.”
Kulturaren merkantilizazioa eta espazio publikoen pribatizazio eta murrizketa nabariak bizi ditugun garai hauetan, Txago Komunitate Sarea ipar izan daiteke Gasteizko beste auzo askorentzat. “Gasteizen auzoen egoera desberdina da. Komunitatea dinamizatzeko sareak ez dira asko.” Izan ere, “proiektu interesgarri eta indartsuak existitzen badira ere, adibidez Judimendin edo Alde Zaharrean, lan asko dago egiteko beste auzo askotan. Ezinegona dago honen inguruan.” Erreferente berriak sortzeak mugimendu berriei bidea irekitzea bilatzen dute ere Txagorritxuko auzoko proiektu berri hauekin.
Elkarrizketa osoa hemen entzungai:
-
Hizpidea: Urro (Txago Komunitate Sarea): "Kezka zahar batetik sortu da proiektua. Auzoak dituen baldintzengatik, ez genuen elkartzeko lekurik"00:18:42
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!