UdazkenFest arrakastatsua ospatu dute Gasteizen, dispertsioaren amaiera eskatuz
Egun arrakastatsua izan zen UdazkenFest, Arabako elkartasun eguna. Hala ikusi zen urriaren 1ean Gasteizen, erdialdeko kale eta plaza nagusietan goizean goizetik jaiak eta aldarrikapenak bat egiten zuten bitartean. Hilabeteak zeramatzaten antolakuntzatik eguna prestatzen eta ezbeharrik gabe joan zen eguna.
Hiru plaza ezberdin, 15 taberna baino gehiago, milaka zapi berde, ordu txikiak arte kontzertuak eta jaia, 50 bat ekintza … eta kale animazioa. Hala ere, aldarrikapena ere nagusi izan zen. Gaueko egitarauarekin hasi aurretik, kamioi musikatu batekin lagunduta, ManiFesta abiatu zen Olagibel kaletik.”Ya vale hostia! Dispertsiorik ez!” irakur zitekeen pankartaren atzean, zapi berdeak nagusi ziren. Ehundaka pertsonek Olagibel kalea – Dato kalea – Foru plaza ibilbidea egin zuten, dantzatzen, abesten eta “Euskal presoak etxera” oihukatzen.
Eguneko momentu hunkigarrienetakoa Foru plazako ekitaldian izan zen, Iñaki Viñasprek Gasteiztik eta Ekaitz Samaniego gasteizko preso politikoak Murtziako espetxetik bertsoak elkarbanatu zituztenean. Etxetik ehundaka kilometrotara dauden Arabako preso politikoak eta euren senideak ekarri zituzten ostean gogora, dispertsioak asteburuz asteburu suposatzen duen odolustearekin bukatzea ezinbestekoa dela aldarrikatuz.
Sare sozialetan ere dispertsioaren aurkako mezuak nagusi izan ziren, #AskeenFesta traola erabiliz eta euskaraz gehien txiokatu zen traola izan zen. Hala Beditik argazki galeria bat osatu dugu eguneko irudi batzuekin. Hona hemen horietako batzuk; beste guztiak, Hala Bediren FaceBookean ikusgai: https://www.facebook.com/HalaBedi/
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!