Txinaurrien hozkadak | Sagar ustelak
Luis, sé fuerte. Hala zioen hegoaldean geratzen zaigun Estatuaren presidenteak Barcenasi idatzitako mezuak. Euskal Herrian horrelakoetatik salbuetsita gaudela saldu izan digute beti, baina, hara! Sagar uzta jaso eta gozatzeko garaiaren hasierarekin bat, lehenengo sagar ustelak! Edo hori esan digute, behintzat. Kasu isolatuak direla, gutxitan ematen diren egoerak, norbanakoaren izenean eta ez alderdiaren izenean buruturikoak… baina sentimenduz beteriko besarkada batekin agurra emateko modukoak.
“Caso” edo “auzia” hitza atxikitu behar izan zaio orokortua egon den jardun honek garrantzia har dezan. Salaketa pribatu bitartez, eta ez ofizioz, noski, hasi dira burua ateratzen sagar ezberdinetako zizareak. Influentzia- trafikoa, komisioen kobrantza eta korrupzioarekin erlazionaturiko abar luze bat. Kasuari izena ematen dion horrek, Alfredo de Miguel, Administrazio Lokaleko diputatu forala izandakoak, hauen guztien bilduma osotu du, 21 delitu egozten zaizkiolarik. Honekin batera, beste hainbat politikari, enpresari, testaferro… finean, lobby jeltzalearen espresio sendo eta argi bat.
Burguesiak berak diseinatutako legeditik ateratzen den kapital- metaketari ustelkeria esaten diote, aldiz, legeak baimendutako praktika ezberdinen bitartez sortutakoari, kudeaketa egokia. Legez kanpokoa da proiektu baten obra egokitzeko subjetibotasunez aritzea, eta laguna den horri egokitzea, baina kudeaketa egokiaren baitan dago EAE mailan osasunari egokitutako aurrekontuaren zati bat enpresa pribatuetara bideratzea, edo hirugarren adinekoen egoitzen kudeaketa pribatizatzea, interes publikoetatik pribatuetara igaroz. Hortaz, korrupzioaz ezagutzen den hori kapitalismoaren beste espresio bat besterik ez dela esan genezake. Lobby jeltzalearentzat, boterea eskuratzea aukera paregabea da. Honen bitartez, zenbait enpresa pribatuen negozioak bermatzeko gai izango dira, eta ostean, botere- posizioak uztean, bueltan jasoko dituzte hainbeste urtez eskainitako faboreak, enpresa hauetako zuzendaritza kargu bat eskuratuz. Ziur horrelakoetan eskarmentu handia duten Josu Jon Imaz edo Mario Fernandez bezalakoek plazer handiz erakutsiko dietela zein den biderik laburrena.
Eta, egiturazko arazo honen aurrean, zein da irtenbidea? Oposizioko alderdi politikoek, zintzotasuna transmititzeko intentzioaz, ustelkeriarekin amaituko dutela zin egiten dute, egungo kudeaketa traketsaren parean badagoela araztasunez arituko den alternatibarik. Hauteskundeei begirako argudiaketa paregabea bilakatu da egoera hau. Zenbait alderdiren programen ehuneko handi bat honetara bideratu izan da azken urteetan, baina, esan bezala, hauteskundeei begirako argudiaketa besterik ez da izan. Jomuga sisteman kokatu beharra dago, eta ez sistemaren kudeaketan. Sagarrondoan, eta ez sagarretan. Lobby jeltzaleak sagarrondoa nahieran atondu izan du betidanik: ikurrinak zintzilikatu, jatorrizko pedigrí-a duten txakurrak hau babesten jarri, Espainiar Estatuarekin etengabe trukaketak burutu oparotasunaren izenean… Duela egun batzuk, De Miguel auziko fiskalak “akusatuak establishment osoaren babespean ziharduela´´ adierazi zuen. Establishment honen aurka jo beharra dago, hortaz, eta hau osatzen duten aldagai guztien aurka. Soilik hauek suntsituz eta aldagai berriak eraikiz amaituko da egiturazko ustelkeria. Noski, hau ekiditeko, mertzenario bilakatzeko promozioa abian da, kaleetatik dauden ehundaka karteletan ikus dezakegun bezala. Sistemaren betikotzea bermatzeko helburua izango duten automatak bilakatzeari lanpostu duin bat eskuratzeko aukeraren mozorroa jarri nahi izan diote oraingoan, duintasuna izanik, hain zuzen, honen bitartez galtzen den lehenengo balorea.
Honenbestez, irakurketa aldatu beharra dago: ez dugu ustelkeriarik gabeko sistemarik nahi, ez dugu ustelkeriarik gabeko Euskal Herri bat nahi. Kapitalismorik gabeko Euskal Herria nahi dugu, lobby jeltzalerik gabeko Euskal Herria nahi dugu, non sagarrondoa herriarena izango den, eta ez gutxi batzuena.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!