Txagorritxuko eraikin berriaren “pribatizazioa” salatu dute langileek
Plataforma bat sortu dute zerbitzuetako eta mantenimenduko Osakidetzako langileek eraikin berrian sortuko diren lanpostuak publikoak izan daitezen. through Alea.eus
Txagorritxuko eraikin berrian lanpostuak publikoak izan daitezen “konpromiso argia” exijitu diote mantenimenduko eta zerbitzuetako –garbiketa, sukaldea, garbitegia– beharginek Arabako Osasun saileko zuzendaritzari. Izan ere, kezkatuta daude sortuko diren behar berriak asetzeko, pribatizatzeko urratsak ez ote diren egiten ari, eta “ziurgabetasuna” salatu dute.
Osakidetzako zerbitzuetako eta mantenimenduko langileek plataforma bat eratu dute Txagorritxuko eraikin berrian sortuko diren haien esparruetako lanpostuak publikoak izan daitezen eskatzeko. Izan ere, zerbitzuetako langileen kasuan, Arabako osasun saileko zuzendaritzak ez du argitu oraindik nola kudeatuko duen zerbitzua, eta, azaldu dutenez, arduradunekin izan dituzten hartu-emanetan ez dute konpromisorik hartu nahi izan kontratazio publikoaren inguruan. Txagorritxuko Langile Batzordeko kide eta LAB sindikatuko eledun Raul Castillok esan duenez, egun ospitalean eredu mistoa dago, alegia langile batzuk Osakidetzakoak dira eta beste batzuk kontrata bidez aritzen dira bertan: “Zerbitzuetako langileak beldur dira eraikin berrian sortuko diren plazak azpikontraten bitartez esleituko dituzten”.
Mantenimenduaren inguruan berriz, eraikin berriaren hornikuntza esleitzeko argitaratu diren baldintza-agirietan Osakidetzak jaso du enpresa-hornitzaileak beraiek arduratuko direla mantentze-lanez, eta horrek langileen haserrea eta kezka eragin ditu. “Pribatizazioa da hori, mantenimenduko zerbitzuaren ezkutuko pribatizazioa”, esan du Castillok. Arabako zuzendaritzarekin hainbat bilera egin ostean, lortu dute pleguak aldatzea, eta zain daude orain hurrengo baldintzetan mantenimenduko langileen lanpostuak bermatzeko konpromisoa jasotzen duten.
Maiatzean lehenengo protesta egin zuten mantenimenduko langileek, eta datorren ostegunean, ekainaren 27an, kontzentrazioa egingo dute berriro, zerbitzuetako lankideekin batera, ospitalearen kanpo-kontsulten atariaren aurrean. Gasteizko ospitaleko Pertsonal-Batzarrak eta Enpresa Batzordeak bat egin dute elkarretaratzearekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!