Txago, Adurtza eta Judimendiko jaietan ez da eraso matxistarik onartuko: jai batzordeek bat egin dute Mugimendu Feministaren protokoloarekin
Jai batzorde horiek osatzen dituzten auzoko eragileek ohar batez zabaldu dute bat egiten dutela "Gasteizko Mugimendu Feministak zein Neska* Gazteek aldarrikatzen duten borroka feministarekin". Protokoloan oinarritutako dinamikak jarri dituzte abian, eraso matxistei "planto" egiteko.
Txagorritxu, Judimendi eta Adurtza auzoetako jai batzordeek ohar bateratu batean esan dute bat egiten dutela “Gasteizko Mugimendu Feministak zein Neska* Gazteek aldarrikatzen duten borroka feministarekin”.
Horretarako, protokolo feminista jarraituz, hainbat dinamika jarri dituzte martxan. Hasteko, sentsibilizazio kanpaina bat abiatu dute, “Txartel moreen” bitartez. Jai guneei dagokienez, puntu moreak prestatuko dira erasoei aurre egiteko; eraso matxistak jasoz gero arreta telefono bat ahalbidetuko da (747 41 48 43); eta txosnagunean ardura feministak zapi morez identifikatuko dira. Esan dute ez dela inolako jarrera matxista, LGTBI+fobo, arrazista eta faxistarik onartuko.
Bi urteren ostean “gure jai guneak, ohiturak, borrokak, aldarriak, disfrutea” berreskuratuko ditugula ospatu dute aipatutako jai batzordeek eta, Covid19-ak baldintzatu arren denbora honetan, “gogor eta tente hemen” jarraitzen dutela.
Ospatzekoez gain, gogora ekarri dituzte tarte honetan “gorakada izan duten eraso matxista zein LGTBI+ fobikoak, bai gure auzo, herrietan eta Euskal Herri osoan”. Egoera guzti hori berriro ere patriarkatuak baliatu duela salatu dute, erasoak “inbisibilizatzeko eta normalizatzeko”.
Gauzak horrela, beste urte batez, auzoetako emakumeek* berretsi dute auzoetako jaiak ez direla jendartetik at dauden burbuila zoragarri isolatuak: “Egun eta gauez urtean zehar erreproduzitzen diren idea estereotipatu matxistak jaietan ere aurkituko ditugu. Tamalez, gureak uste ditugun espazioetan horrelakoak ere gertatzen dira, espazio bortitzak eraikiz. Horren aurrean, auzoetako emakumeak* indartuta eta saretuta gaude, irmoki, ematen diren erasoei erantzun bat emateko”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!