Tubos Reunidos enpresako langileek mobilizatzeari ekingo diote
Langile batzordeak adierazi du ez dagoela prest zuzendaritzaren akatsak ordaintzeko eta ordubeteko lanuzteak egingo dituzte urriaren 26an eta 31n, eta azaroaren 2an, 7an eta 9an. Txanda bakoitzean izango dira protestak; 07:30ean, 15:30ean eta 00:00etan.
Aiaraldea.eus
Tubos Reunidos enpresan ordezkaritza duten sindikatuek lanuzteak antolatu dituzte zuzendaritzaren erabakiak salatzeko. Izan ere, 34 lanpostu amortizatu nahi dituzte.
Horrek esan nahi du postu horietan dauden langileak beste postu batzuk betetzeko (bat baino gehiago izan liteke) bideratuko dituztela.
Langile batzordearen aburuz, enpresa modu okerrean baliatzen ari da tresna hori jendea kaleratzeko. Epe motzean, behin behineko beharginak deitzeari utziko diote, eta kontratak egiteari, baina sindikatuen susmoa da etorkizunean finkoak ere behar ez izatea.
300 milioi euroko zorra
Erabaki hori hartzeko, zuzendaritzak argudiatu du 300 milioi euroko zorrari aurre egitea dela helburua. Edonola ere, sindikatuek aldarrikatu dute langileek sufrituko dituztela zuzendaritzak hartutako erabaki txarrak.
Langileentzat, horien adibidea da 2007an eskatutako 170 milioi euroko mailegua, berez, akziodunen artean banatu baitzen diru horren zati bat, eta zorra 200 milioi eurotan jarri zuten.
Zentzu horretan, langileen ordezkariek nabarmendu dute 2007 eta 2014 urteren bitartean Tubos Reunidosek 214 milioi euroko irabaziak izan zituela, baina akziodunen artean 30 milioi euro gehiago banatu zituztela, hau da, 344 guztira.
Inauxa eta Almesa enpresen salmenta
Zuzenak izan ez diren bi erabaki gehiago azpimarratu dituzte sindikatuek. Alde batetik, kritikatu dute Inauxa enpresaren salmenta, Tubos Reunidos taldean etekinak lortzen zituen lantegi bakarra baitzen ofizialki.
Bestetik, salatu dute Almesa banaketa negoziorako 25 milioi euroz hornitu zirela eta, azkenean, 2,7 milioi euroren truke saldu zutela.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!