“Trena lurperatzeko proiektuak Gasteiz osoari eragiten dio”
Gasteiz Batu herri plataformako Iker San Migel Lizarraldek egitasmoak dituen gabeziak salatu ditu. through Alea.eus
Trenaren egungo lurperatze proiektuak Gasteizko Salburua, Arkaiate, Larrein, Zabalgana, Ariznabarra edo San Martin bezalako auzoak alde batera uzten dituela uste du Gasteiz Batu herri plataformak, eta horren kontrako alegazioak biltzen ari da. Astelehenean, irailaren 9an, amaitzen da Espainiako Gobernu Ordezkaritzan aurkezteko epea.
Zergatik jarri duzue martxan proiektuaren kontrako kanpaina?
Uztailaren hasieran hasi zen guztia, egitasmoaren inguruko informazioa zabaltzen hasi zenean. Herritar talde batek batzarrak egiteari ekin zion eta auzo elkartera ere joan ginen horren gainean zerbait ote zekiten galdetzen. Antzera zeudela ikusi genuen.
Zabalganeko jaietan bilkura orokorragoa deitzea adostu zenuten.
Bai, geneuzkan zalantzak argitzeko. Uztailaren amaieran egin genuen batzarra; ordura arte geneukan informazioa partekatu eta mugitzen hasi ginen. Zabalgana Batuz elkarteak alegazio teknikoa aurkeztuko zuela iragarri zuen. Auzokideok, beste alde batetik, alegazio herrikoiagoa prestatu genuen, ahalik eta jende gehienera heltzeko. Proiektuan ikusitako hutsuneak zalantzan jartzen ditugu bertan.
Zer gabezia topatu dituzue?
2010ean aurkeztutako proiektuak 6,8 kilometro lurpean izan behar zituen, eta oraingoak lurperatutako zatiaren luzera nabarmen murriztu du (3,8 km), eta ondorioz, Salburua eta Zabalgana auzoetako tarte handi batean trena aire zabalean egongo da, horrek dakarrenarekin. Besteak beste, trenbide kopurua handituko denez, azalean doan bidaiari eta zama trenen kopurua biderkatu egingo da, eta horrek suposatuko duen zarata eta bibrazioen handitzearekin kezkatuta gaude. Gainera, zarata arazoa murrizteko, lekuaren arabera, sei metro altuerarainoko panelak ezartzea proposatzen dute proiektuan, horrek dakarren isolamendu eta inpaktu bisualarekin.
Etxebizitzetatik ez ezik, ikastetxeetatik ere oso gertu pasatuko dira trenak…
Bai. Zabalganeko eskola ondotik. Eta Salburuan orain eraikitzen ari diren Errekabarri ikastetxetik oso urrun ez dela egongo uste dugu, baina, kontua da proiektua aurtengo ekainekoa baldin bada ere, eskola hori ez dela egitasmoan agertzen. Kasu horretan ezjakintasuna da nagusi.
Gaztela Etorbidearen inguruko auzokideak ere arduratuta agertu dira.
Mugitzen hasi dira, bai. Asteon bilera informatiboa egin dute. Proiektuak aurreikusitako tunelekin eta lurperatzeak izan ditzaketen afekzioekin daude, besteak beste, kezkatuta: bibrazioak, kutsadura…
Abuztu osoa eman duzue lanean…
Hala da. Hilabete osoa eman dugu gasteiztarrak informatzen, proiektuaren inguruko informazio falta itzela dagoelako: kaltetutako auzoetako atarietan kartelak jarri ditugu eta auzo batzar informatiboak ere deitu ditugu jendeak dituen zalantzei, ahal den neurrian, erantzuteko. Gasteizko jaietan ere hainbat tokitan izan ginen oihartzun gehiago lortzeko. Guzti honen asmoa izan da ahalik eta alegazio gehien batzea.
Eta orain arte zenbat bildu dituzue?
Astelehenera arte 4.600 genituen. Ez dago txarto kontuan izanda hau guztia hilabete bateko kontua izan dela, eta abuztuan, gainera. Hilabete osoan ez da inor egon eta oso zaila izan da; baina azken egunotan asko igo da kopurua. Horri gehitu behar zaio gaiaren inguruan dagoen isiltasuna; inork ez du ezer esaten. Udalera joan gara eta alegazio epea amaitu arte ez duela ezer esango erantzun digu. Horrelako proiektu estrategiko batean herritarrak gauden moduan izatea nahiko harrigarria eta larria da.
Talde politikoekin kontakturik izan al duzue?
Ez. Hasieratik alderdi politikoetatik aparte mantendu nahi izan dugu; gure oihartzuna zabaldu nahi badute, eskertuta egongo gara, edozein gasteiztarrengana heldu nahi dugulako. Anitzak gara. Proiektuak gabezi asko ditu eta benetan gura duguna da benetako proiektu serio bat aurkeztu dezatela; edo, gutxienez, hutsune horiek zuzendu ditzatela, kanpo utzi gaituztenei ere entzutea eta denon artean ganorazko zerbait adostea.
Trenbidetik gertuen bizi zaretenak zaudete bereziki Gasteiz Batu plataforman. Alegazioak aurkezteko aukera, baina, edozeini dago zabalik.
Noski. Gu kaltetu zuzen moduan sentitzen gara, baina, azken finean, proiektuak Gasteiz osoari eragiten dio; besteak beste, guztiok ordainduko dugulako. Egitasmoaren kostu ekonomikoa 872 milioikoa da, eta Gasteizko Udalak 130 milioitik gora jarriko ditu.
Alegazioak aurkeztu ostean, zer?
Erabakiak hartzen joango gara, informazioa irteten den neurrian. Suposatzen dugu alegazioak aurkeztu ostean, erantzun bat egongo dela; besteak beste, Jaurlaritzak, Diputazioak, Udalak, alderdi politikoek eta auzo elkarteek aurkeztutako alegazio teknikoez gain, herritarrenak ere badaude, eta horiek guztiak erantzun beharko dituzte. Horrez gain, alkateak ere zerbait esango duela uste dugu. Baina, dena dela, Gasteiz Batu ez da honekin amaituko; honek jarraipena izango du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!