Tren sozialaren aldeko eta AHT-ren kontrako konpromisoak eskatu dizkiete alderdiei
Frackinga edo zentral nuklearrak gelditu ziren moduan, AHT-a ere gelditzea posible dela uste dute honen kontrako plataformek.
Arabako eta Nafarroako AHT-ren aurkako eta tren sozialaren aldeko plataformak,
gai hau hauteskunde kanpainan presente egon dadin lanean ari dira. Horren erakusle, larunbatean Gasteizen egin zuten mobilizazio jendetsua.
Probintzia hauetan, orain arteko trenbideekiko paraleloki 250 kilometro abiadura handiko linea berria egiteko asmoa “eskandalu hutsa” da plataformen izenean. Izan ere, “modu honetan lurraldea suntsitu eta milaka milioi euro xahutzen” direla uste dute.
Zentzu honetan, Arabako Foru hauteskundeetara eta Nafarroako Parlamenturako aurkeztu diren alderdi politikoei konpromisoa eskatu diete datorren legealdiari begira.
Arabako kasuan, EH Bilduk eta Podemosek “datorren legealdian emango diren negoziazio eta balizko itun guztietan abiadura handiko trenaren aldeko proiektu berrien gelditzea eta bertan behera uztea tinko defendatzeko konpromisoa” hartu dute.
Aipatutako konpromisoak horrela jarraitzen du: “Negoziazio eta balizko itun hauetan, abiadura handiko trenaren proiektuaren aurkako alderdiak gehiengoa izatekotan, gehiengo aurkakotasun hori dagozkion txostenetan esplizituki islaturik agertu beharko da”.
Bestalde, “pertsonak zein merkantziak garraiatuko dituen eta herriak, eskualdeak, hiriburuak zein industrialdeak lotuko dituen tren soziala bultzatzeko konpromisoa hartu dute, era berean, gaur egungo trendideen berrikuntza eta modernizazioaren aldeko hautua egiten dutelarik. Beharrezkoa izatekotan, trenbide-zabalera europarra duten trenak ibili ahal izateko hirugarren hari baten instalazioa bultzatzeko konpromisoa ere hartu dute”. Horrela irakur daiteke sinatutako konpromisoan.
Proiektu hauek gobernu zentralak bultzatutakoak badira ere, plataformek uste dute Arabako erakundeen babesik gabe aurrera atera ahal izatea askoz ere zailagoa izango litzatekeela.
Frackingaren edo energia nuklearraren adibideak
Atzera begira, hasiera batean alderdi gehienek energia nuklearraren edo frackingaren alde egin zutela gogoratu dute, baina milaka lagunen borrokak norabidea aldatzea lortu zuen. “Duela urte batzuk ezinezkoa zirudiena orain normaltzat daukagu eta gaur egun erabatekoa da Arabako alderdiek frackingaren edo energia nuklearraren aurka duten jarrera”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!