Torturaren aurkako espresio ezberdinak
Elkarretaratze ezberdinak egon dira Gasteizen Torturaren Aurkako Egunean, Sortu-k deitutakoa, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduarena eta Gasteizko Kanpusekoak. Euskal Memoriaren datuen arabera, 1960.urtetik aurrera Arabako 400 lagun inguruk torturak jasan dituzte.
Otsailaren 13an, Torturaren Aurkako Egunean, bi elkarretaratze ezberdin egon dira Gasteizen. Ordu berean, 19:30ean, kontznetrazio ezberdinak burutu dituzte Sortu-k eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak.
Ezker Abertzaleak Espainiar Gobernuko Ordezkaritzan (Olagibel kalean) egin du elkarretaratzea, Aitortza, Erreparazioa eta Ez Errepikatzeko Bermeak exijitzeko. Besteak beste, torturaren aitortza instituzionalean aurrerapausoak lortu ahal izateko, Nafarroako Gobernuari herrialdean izandako tortura kasuak ikertzeko baliabideak abia ditzan exijitu dio Sortu-k ohar batean. Gaineratu dutenez, “tortura gure herriaren aurka erabilitako tresna izan da. Azken batean, 78ko erregimen posfrankistak tortura baliatu du herri honi dagozkion eskubideak gauzatzeko borondatea oztopatzeko eta bortizkeriaren bidez konfrontazioa inposatzeko”.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua, berriz, Andra Maria Zuriaren Plazan bildu da, inpunitatearen amaiera eskatzeko.
Goizean, berriz, Gasteizko Kanpusean performance ezberdinak egon dira fakultatez-fakultate tortura bera irudikatzeko. Eguerdian elkarretaratzea egin dute Elurretan.
400 arabar torturatu
Euskal Memoriaren datuen arabera, 1960.urtetik 2019.urtera Arabako 400 lagun inguruk torturak jasan dituzten polizia talde ezberdinen partetik: Ertzaintza, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia. Eskualdez-eskualde, hauek lirateke datuak:
- Soilik Gasteizen, 1960.urtetik gaur egun arte, 244 lagunek tortura kasuak salatu dituzte Ertzaintzaren, Espainiako Poliziaren edo Guardia Zibilaren partetik.
- Aiaraldean, berriz, datuek argi hitz egiten dute: 62 lagunek pairatu dituzte torturak azken hamarkadetan. 42 Laudion, 7 Amurrion, 2 Urduñan, 8 Orozkon, 2 Arrakudiagan eta 1 Aiaran.
- Gorbeialdean, gutxienez, 29 lagunek: 4 Legution, 3 Urkabustaizen, 1 Aramaion, 17 Otxandion eta 4 Zigoitian.
- Lautadako kasuan, Agurain da nabarmenena: herriko 12 lagunek salatu dituzte torturak.
Eusko Jaularitzak Paco Etxebarriari eskatutako informeari dagokionez, 1960.urtetik 2014.urtera 245 arabar torturatuak izan dira. Hala ere, nahiz eta Euskal Memoriaren zifra baino baxuagoa izan, indar polizial berdinak agertzen dira informean, Ertzaintza barne.
Zauri irekia
2018.urtean, Torturaren Aurkako Eguna aitzaki, Ertzaintzak, Espainiako Poliziak edo Guardia Zibilak torturatutako belaunaldi ezberdinetako lau arabarren testigantzak bildu zituen Hala Bideok erreportaje honetan: Marina Sagastizabal, Xabier Izaga, Txiki Donnay eta Susana Atxaerandio. Horiekin batera, Ixone Legorburu psikologoak hartu zuen parte erreportaje luze honetan.
Ohiko torturen testigantzetatik haratago doan erreportaje bat da hau, torturaren sustraietara jo duena: tortura metodo ezberdinek eurengan eragindako sufrimendua, Eusko Jaurlaritzaren txostena eta bizitakoaren zein etorkizunaren inguruko hausnarketa dira erreportajearen ardatz nagusiak, protagonisten ahotsak oinarri.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!