Sustrai Colinak lortu ditu puntu gehien Amurrion
1.300 lagun pasatxo bildu dira Amurrioko Bañueta kiroldegian.
Bertsozale.eus bidez
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen bigarren itzulia abiatu da gaur Amurrioko Bañueta kiroldegian. 1.325 lagun elkartu dira aretoan eta bertaratu ez direnek ere izan dute saioa zuzenean jarraitzeko aukera, bai www.bertsoa.eus webgunean, ETB4ko emankizunean, zein txapelketaren jarraipena egiten ari diren hainbat komunikabide tarteko.
Zozketak erabakitako hurrenkeran, Jon Maia, Nerea Ibarzabal, Jon Martin, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue eta Sustrai Colina bertsolariak aritu dira, Aintzane Irazustaren aginduetara. Eginbeharrekoetan aldaketaren bat ere izan dute pasa den itzuliarekin alderatuz gero: puntua emanda bakarka aritu beharrean, binaka aritu baitira puntutan gaia emanda hirugarren ariketan.
“Usaina sumatu eta urduri jarri zara” gaiari heldu diote kartzelakoan; eta haren ondotik iritsi da epaimahaiaren erabakia. Gaurkoan Joseba Santxo, Mirari Azula, Eneko Bidegain, Ekaitz Elorriaga, Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren eta Nerea Bruño izan dira kide, eta idazkari lanetan aritu dira Joxe Mari Altuna eta Esti Zengotitabengoa.
Sustrai Colinak eskuratu ditu puntu gehien, 701. Gainerako bertsolariei dagokionez, 694,5 puntu eskuratu ditu Beñat Gaztelumendik; 681,5 Jon Maiak; 675,5 Nerea Ibarzabalek; 668,5 Jon Martinek; eta 615 Etxahun Lekuek.
Eskerrak eman dizkio Bertsozale Elkarteak Amurrioko Udalari eta Aiaraldeko bertso eskolari saioa antolatzen emandako laguntzagatik. Bestalde, saioaren aurretik Bertso Udalekuetan parte hartutako hezitzaileak bildu dira Amurrion elkarrekin bazkaldu eta egitasmoaren 20.urteurrena ospatzeko.
Bi itzulietako puntuen batuketa, finalerako giltza
Hiru saiok osatuko dute gaur hasi berri den bigarren itzuli hau eta bertan erdietsitako puntuazioa lehen itzulikoari batuko zaio. Batura horrek erabakiko du nor izango den abenduaren 17an jokatuko den final handian. Donibane Lohizune eta Iruñea izango dira, azaroaren 26an eta abenduaren 2an tarteko helmugak.
Amurrioko saioko puntuazioak, ariketaz ariketa
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!