STAT, LAB eta USO: “Gainerako sindikatuek lagundu dute Tubacexen greba eskubidea urratzen”
Hala ere, STATek, LABek eta USOk ziurtatu dute prest daudela ELA, CCOO eta Independenteekin elkarlanean aritzeko hitzarmen kolektiboaren aldeko borrokan.
Aiaraldea.eus bidez
STAT, LAB eta USO sindikatuek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon, Tubacex enpresan indarrean dagoen lan gatazkaren balorazioa zabaltzeko.
Aipatutakoen artean, nabarmentzekoa da salatu dutela ELAk, CCOOk eta Independenteek lagundu dutela enpresa grebalarien lanpostuak ordezkatzen apirilaren 13an, 20an eta 23an egindako lanuzteetan. Greba urraketa hori Lan Ikuskaritzaren eskuetan dago orain.
Hori ez ezik, hurrengoa ere leporatu diete ELAri, CCOOri eta Independenteei:
- Batzar informatiboak egitea ukatzea, langileen arteko eztabaida sustatzeko, hauen egitekoa akordioa berreste hutsera mugatuta.
- Mobilizazioetan zuzendaritzaren alde kokatzea.
- STAT, LAB eta USOren aurka egitea, zuzendaritzaren kontra agertu beharrean, azken hau baita bozen emaitza onartu ez duena.
- Langileen kolektiboari alternatibarik ez eskaintzea.
Greben balorazio positiboa
STATek, LABek eta USOk uste dute grebak emaitza positiboak eman dituela, langileek aurre egin diotelako enpresaren negoziazio ereduari eta ekoizpen lerro nagusiak gelditu direlako.
Zuzendaritzaren jarrera: mehatxuak
Halaber, sindikatuek enpresaren jarrera salatu dute, euren aburuz, ondoeza eta ziurgabetasuna sortzen saiatzen ari baita inbertsioak kolokan jarrita. Era berean, mehatxuak eta xantaiak erabili dituztela gaineratu dute.
Horrez gain, langile ordezkariek adierazi dute zuzendaritzak hainbat gai ekidin dituela negoziazioan inposaketa bitartez: “Adibidez, dagoen behin-behineko tasa izugarria murriztea, kontrataziorako sistema objektiboa definitzea, finkoak bihurtzeko irizpideak definitzea -antzinatasuna, gaitasunak…-, malgutasuna murriztea, aparteko orduak galgatzea edo soldata eskala bikoitzak ezabatzea, bai soldatei dagozkienak eta baita promozioei dagozkienak ere”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!