Santiago Ospitaleko langileek kontzentrazioak egingo dituzte egunero otsailean zehar, larrialdi-zerbitzua itxi ez dezaten
Osakidetzak joan den urtarrilaren 21ean iragarri zuen Santiago Ospitaleko larrialdi-zerbitzua ixteko erabakia. Aurka agertu da Santiagoko Enpresa Batzordea, zerbitzua mantentzeko eskatzen du eta "murrizketa politika sistematikoa" salatu.
Santiago Ospitaleko Enpresa Batzordea erietxe horretako larrialdi-zerbitzuaren itxieraren aurka agertu da, eta kontzentrazioak deitu dituela iragarri du otsaileko egun guztietan, zerbitzua mantendu dadin eskatzeko.
Joan den urtarrilaren 21ean jakinarazi zuen Osakidetzak Santiagoko larrialdietako arreta zerbitzua itxi eta Txagorritxu AUOko eraikin berria izango zela larrialdi-zerbitzu bakarra Gasteizen, otsailaren 2tik aurrera. Larrialdietako zuzeneko arreta guztia hartuko du bere gain, beraz, Txagorritxuko eraikinak, orain arte bi ospitaletan ematen zena.
Erabaki horren aurka agertu da Santiago Ospitaleko Enpresa Batzordea, Gasteizko eta Arabako asistentzia sanitario publikoaren beste murrizketa bat delako, eta beste “golpe” bat dagoeneko gainezka dagoen plantillari. Araba ESIko Zuzendaritzari Osakidetzaren politika bera jarraitzea egotzi diote: premiazko laguntza-guneen eskaintza ahalik eta gehien murriztekoa, murrizketen politika sistematiko baten logikan. Ohartarazi dute larrialdietako zerbitzua osasun-krisi betean ixteak agerian uzten duela osasun-sistemaren gabeziak egiturazkoak direla eta politika jakinen ondorio.
Azaldu dutenez, Santiagoko larrialdietako zerbitzuaren itxierak babesgabe utziko ditu Gasteizko hainbat auzotako biztanleak, Alde Zaharra, Erdialdea, Adurtza zein Aranbizkarra kasu; baina baita langileak ere. Izan ere, Txagorritxuko larrialdi-zerbitzuak Santiagokoaren lan-karga bere gain hartu beharko du, ia langile kopuru berdinarekin. Gainera, Txagorritxura bideratu nahi dituzten pertsonetatik asko Olagibelgo EAGra joango direla aurreikusten dute langileen ordezkariek, eta EAGtik asko larrialdi berrietara zuzendu beharko dituztela. “Horrek guztiak lan-kargak handitzea ekarriko du, eta, kasu askotan, asistentzia-bikoiztasuna”, salatu dute.
Osasun Publikoa Aurrera plataformak ere mobilizazioa deitu zuen joan den larunbatean, itxiera horren aurka. Sinadura bilketa abiatu dute orain.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!