Sahararen aldeko elkarretaratzea deitu dute urriaren 27an
Sahararen aldeko elkarteak elkarretaratzea deitu du urriaren 27an, osteguna, Gobernuak Saharari buruz duen jarrera zuzendu dezan exijitzeko. 19:30etan elkartuko dira Gasteizko PSEren egoitzaren aurrean, Arka plazako 11. zenbakian. Gasteizko herritarrei dei egiten diete parte har dezaten.
Martxoaren 18an jakinarazi zuen Espainiako gobernuak legezko aitortza emateko asmoa duela Marokok Mendebaldeko Sahara inbaditzeari. “Ondorengo deklarazio guztietan, Espainiako gobernuak berretsi besterik ez du egin bere jarrera onartezina”, salatu dute.
Nazioarteko zuzenbidearen aurkako erabakia dela azaldu du elkarteak eta, gainera, Marokok saharar herriaren aurka sistematikoki egindako giza eskubideen urraketak babesten dituela.
“Pedro Sanchezen jarrera bere alderdiaren gehiengoak babestu du; horregatik egiten diegu mobilizaziorako deia Arabako herritarrei, Alderdiari Sozialistari exijitzeko berrazter dezala traizio historiko horri emandako babesa”, esan dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!