Saharar komunitatea mobilizatu da Araban, Marokok gerra berpiztu ostean
Saharar komunitateak eta harekiko elkartasun mugimenduak salatu du Marokok 1991tik indarrean dagoen su-etena urratu izana. Asteburu honetan, mobilizazioak egin dituzte Gasteizen eta Aiaraldean. through Alea.eus
45 urte igaro dira Marokok Mendebaldeko Sahara inbaditu zuenetik, Martxa Berdea deiturikoan. Orduan, Espainiako Estatuak Saharatik ihes egin zuen, eta sahararrak bertan utzi zituen, garai hartan espainiar herritarrak ziren arren. Orduz geroztik, Saharako herria errefuxiatuen kanpamenduetan bizi izan da.
Saharar askok, ordea, erbestearen bidea hartu behar izan dute hamarkada hauetan, eta horietako asko Araban topatu dute bizilekua, batez ere Gasteizen eta Aiaraldean. Izan ere, saharar komunitate handi samarra dago gure lurraldean, eta, asteburu honetan, kalera atera da Marokok 1991tik indarrean zegoen su-etena urratu duela salatzeko.
Egunotan, Marokok Gergerat ingurura bidali ditu tropak, su-etena apurtuz, eta, horrekin batera, 1991ko Akordio Militarrak urratuz. Marokok legez kanpoko bidea zabaltzeko mugiarazi zituen tropak, urriaren 21etik herritar sahararrek mobilizazio baketsuetan itxiarazi baitzuten.
Autodeterminazio erreferenduma
Mobilizazioetan, Saharar herriari eta Fronte Polisarioari babesa adierazteaz gain, elkartasun mugimenduak dei egin dio euskal gizarteari hurrengo egunetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko.
1988ko Bake Akordioan alde guztiek adostutako autodeterminazio erreferenduma “berehala” egiteko exijitu diete Espainiako Gobernuari eta Nazio Batuen Erakundeari. Gainera, “su-etenaren hausturaren aurrean, deskolonizazioaren zain dagoen Afrikako azken lurralde ez-autonomoarekiko erantzukizuna bere gain hartzeko” exijitu diote Espainiako Gobernuari.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!