Ruben Sanchezek ‘Hondarrak’ eleberria aurkeztu du
Ruben Sanchez Bakaikoak Txalaparta argitaletxean ekoitzi duen eleberria da. Kartzelako pasadizoak eta gorabeherak Uxue herriko egunerokoarekin nahasten dira 'Hondarrak'-en, 80ko eta 90eko hamarkadak Gerra Zibilaren hondarrekin, Nafarroako hegoaldea Arabako hiriburuarekin.
Etakide izateagatik atxilotzen dutenetik, espetxe batetik bestera daramate Tupa. Itzalean, familiaren istorioak biltzeari ekiten dio gatibu gazteak, eta horrela agertzen zaizkigu, beren ahotsean, Pilar eta Julia, hiru belaunaldiren kontaketa osatzeko. Kartzelako pasadizoak eta gorabeherak Uxue herriko egunerokoarekin nahastuko zaizkigu, 80ko eta 90eko hamarkadak Gerra Zibilaren hondarrekin, Nafarroako hegoaldea Arabako hiriburuarekin.
Eta herri bat husten ikusiko dugu Ruben Sanchezen Hondarrak eleberrian pertsona bat kartzelan zahartzen, ametsak aldatzen eta behin hartutako erabakien ondorioekin bizitzen.
Ruben Sanchez Bakaikoak Txalaparta argitaletxean ekoitzitako lehen eleberri honek, espetxe literatura esan dakiokeen azpigenero hori elikatzeaz gainera, gatazkak eta gatazkek ezaugarritutako herri baten kontaketa bizia egiten du.
Euskarari lotutako ibilbidea
Zaragozan jaio zen Sanchez, gurasoak hara lanera joanda, baina txikitatik bizi da Gasteizen. Euskara gaztaroan ikasi zuen eta lehenik Enpresa ikasketak eta gero Euskal Filologia egin zituen. Hainbat lanbidetan jardun da, baita euskara irakasle ere.
Azken urteotan, ordea, bertso munduan eta herri mugimenduan murgilduta ibili da. Idatzizkoan, Araba, bertso histori ezberdin bat (Arabera 2006) lan korala osatu du enkarguz.
Gaur egun, Konpost taldean dihardu Bingen Mendizabal, Jon Aranburu eta Txerra Bolinagarekin batera.
Hondarrak, ordea du haren lehen eleberria.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!