Romualdo Barroso gogoan, mural berria egin du Irantzu Lekuek Errekaleorren
Azken lan artistiko hau Martxoaren 3aren inguruko memoria ariketa bat da: Zaramagan eraildako langiletako bat izan zen Romualdo Barroso, eta haren etxearen horman egin du murala. Street Art-aren zigilupean, nazioarteko artista ezberdinek haien aztarna utzi dute auzo okupatuan; Lekue, horma irudi bat sinatzen duen lehenengo emakume arabarra da.
Gasteizko Errekaleor auzo okupatuak horma irudi berria du. Arrazoi nagusia Martxoaren 3aren urteurrena da: 43 urte betetzen dira Espainiako poliziak Gasteizko Zaramaga auzoan bost langile erail zituenetik. Horietako bat Romualdo Barroso Errekaleorreko bizilaguna izan zen.
Irantzu Lekueren horma irudi honek gertatutakoa gogora ekarri nahi du, aipamen berezia eginez ere Salvador Puig Antichi, garrote vilaren bitartez 1974ko martxoaren 2an eraildako anarkista eta antifaxista katalana. Egilearen hitzetan “auzoko kultura taldeak Puig Antich gogoratzen zuen horma irudia integratzeko asmoa helarazi zidan eta horixe egin dut”.
Sena
Sena, izen hori dauka azken artelan honek. Eta, honekin, 21 dira jada Errekaleorreko zerupean kokatutako museo hau osatzen duten horma irudiak. Street Art-aren zigilupean auzo honetan bere aztarna uzten duen lehenengo emakume arabarra da Lekue.
65 metro karratu ditu artelanak eta, goiko partean, polizial gasa erabiltzerakoan langileak kanpora nola atera ziren irudikatu nahi du. Inspirazio picassianoa duen lan baten aurrean gaude darama eta ezinegonaz zein desesperazioz betetako irudiak dira nagusi; bide batez, Martxoaren 3ko ikur sinbolikoa topa daiteke bertan, gertakari trajiko horietako irudi ezberdinak bere barnean dituela. “Kolore paleta motza erabili nahi izan dut kontrastez betetzeko eta lana balore sinbolikoz osatzeko. Horregatik beltza, txuria, grisa eta gorria dira gehien ageri diren koloreak” azaldu du Lekuek.
Zerrenda luze baten hurrengoa
Auzo honetan horma irudiak egin dituzten artista ezberdinen zerrendan hurrengoa da Lekue: Blu (Italia) -Bansky Italiarra bezala ezagutua-, Tomas Facio (Argentina), Barricada Gráfica eta El Yako (Txile), Ocu eta Kerozen (Errumania), Nicole Salgar (AEB), Escif, Manolo Mesa, Zora eta Juli, Andrea Btoy edo El Rey de la Ruina-ren artelanak topa daitezke bertan egun.
Hiriko zirkuitu turistiko tradizionaletik urrun, ibilbide artistiko alternatibo honen jatorria auzo okupatuaren sendotzetik dator, bertakoek ezinegon artistiko batetik, mezuak pareten bitartzen adierazten hasi zirenetik. Denbora Aurrera joan ahala, Errekaleorrek mundo osoko artistei zabaldu die gonbitea eta auzoa Street Art-aren jarraitzaileentzako erreferentzia bihurtu da.
Street Art-a salaketa arte subertsibo moduan jaio zen eta beste espresio kulturaletan pasa den bezala, masa fenomeno batean bihurtu da. Lekuek, poza adierazi nahi du auzoko asanbladak eskaini dion aukera honengatik eta “denon artean hiriarentzat irekia den ondare kultural hau osatzen jarraitzeagatik”.
Hurrengo hilabeteetan horma irudi berriak izango dituztela adierazi dute bizilagunek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!