Prekarietatea mahaigainera ekarriko du GPSk larunbat honetarako prestatu duen hitzaldian
Iragan abenduan aurkeztu zuten GPS, Gasteizko Gazte Prekarioen Sarea. Larunbatean, urtarrilak 18, aurkezpen publikoa egingo dute Zaramagako M3moria Gunean antolatu duten hitzaldian, Jule Goikoetxeak eta ERAGINek hartuko dute parte bertan.
Gazteriak bizi duen prekarizazio prozesua modu kolektiboan erantzuteko erronkari heldu dio iragan abenduan sortu zen Gasteizko Gazte Prekarioen Sareak. Arazo kolektiboek erantzun kolektiboa behar dutela iritzita prekarietatea “mahaigainera” atera eta honen aurka antolatzeko beharraz hausnartuko dute urtarrilaren 18rako antolatu duten hitzaldian.
GPSk antolatzen duen lehenengo ekimen publikoa izango da larunbatekoa, sarearen jardunean sakontzeaz gain prekarietatearen aurkako antolakuntza mota berriak izango dituzte mintzagai. Jule Goikoetxea EHUko irakaslea eta “Demokraziaren pribatizazioa” liburuaren idazlea eta ERAGIN, Bilboko gazte prekarioen asanblada, gonbidatu dituzte mahaingurura. Zaramaga auzoko M3moria Gunean jarri dute hitzordua, eguerdiko 12:00etan.
Prekarietateari aurkako borrokan iparorratz
Problematika dezberdinak identifikatu eta bakoitzak duen espezifikotasuna kontutan harturik gazteek lan-munduan pairatzen ditzuten «miseriei» aurre egiteko jaio da GPS. Mugimendu feministak, pentsionisten mugimenduak edota betse borroka sektorial batzuek egin bezala, «esplotazioaren aurkako borrokan» aletxoa jarri nahi dute Gasteizko gazteek, GPS sentsiblitate desberdinen topaleku bilakatuz eta irtenbide kolektiboak bilatuz.
Gazte enpleguetan jasotzen den prekarizazio prozesuaren hamaika adibide jarri dituzte mahai gainean: «behin-behonekotasuna, dualak, ordaindu gabeko praktikaldiak, etorkizunik gabeko bekak, genero-arrakala, behartutako aparteko orduak, ikasketak eta enpleguaren bateragarritasun eza, ordutegi “malgutasuna”, 24 orduko disponibilitatea, kontratu eza…» Esplotazio egoera hauek arazo indibidual bilakatzeak, lan eskubideen berri ez edukitzeak eta kontzientzia kolektiboaren faltak, guzti horri aurre egiteko tresnarik ez aurkitzea dakar. Hain zuzen horrekin apurtzera dator GPS.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!