Gaurko kolaborazioan Presoak SOS bildumaren atal berri bat eskeiniko dizuegu. Txileko preso politikoen egoera mahaigaineratu nahi du gaurkoan Walterrek, hausnarketa garbi eta interesgarri bat planteatuz… Geratu gurekin, entzun eta pentsatu.
Ezin genuen urtarrila pasatzen utzi Kubako iraultzaren garaipena gogoratu barik. Beraz, 1959Ko urtarrilaren 1eko inperialismo yankeearen porrot hura ospatzeko, Silvio Rodriguezen kantu, bat eskeiniko dizuegu, gaurko abestiaren erradiografian, Preludio de Girón.
Ondoren elkarrizketari ekingo diogu. Gaurkoan Gaztelara joko dugu bertako Izquierda Castellana alderdiko militantea den Albertorekin hitz egitera. Ekainean Madrilen burutuko den OTAN edo NATOren gailurraz batetik eta IzCa beraren kontrako azken erasoei buruz bestetik aritu gara besteak beste.
Azkenik, Hitzak tartetxoan Rosa Luxemburg ekarri nahi dugu gogora. 1919ko urtarrilaren 14an bere erahilketaren bezperan hain zuzen idatzi baitzituen ondorengo berba hilezkor: izan nintzen, naiz eta izango naiz.