Pinto 20 bloke okupatua desalojatu dezakete egun batetik bestera
Orain dela urtebete pasatxo okupatutako blokeko gazteei bost egun eman dizkie epaitegiak etxebizitza husteko, Ensanche 21en eta Udalaren salaketa bat medio. Orain, Udalaren esanetan alokairu sozialerako izan behar zuen blokeak, salmentan jarri dute.
Urtebete igaro da Alde Zaharreko Kutxi 92, Pinto 20 eta Txikita 12 blokeek bizitza berreskuratu zutenetik. Udaletxeak gazteei bideratutako etxebizitza sozialak izango zirela adierazi zuen arren, sei urte igaro zuten hutsik, gazteek gazteriarentzako zena berreskuratzea erabaki zuten arte.
Hala Bedik jakin duenez, Pinto 20 blokeko gazteak kaleratze arrisku larrian daude. Urtebeteren ostean, etxebizitza hauek gazterik gabe gera daitezke, berriz ere. Izan ere, gazteek epaitegien jakinarazpen bat jaso dute: bost egun dituzte blokea husteko. Ensanche 21ek jarritako salaketa dela medio, gazteok kaleratze agindua jaso dute azken orduetan.
Gogoratu beharra dago, Ensanche 21ek Udalaren diru publikoarekin berriztutako blokeak direla hauek. Gazteriari alokairu soziala eta duina eskainiko zitzaiela adierazi zuten bere garaian, etxebizitzaren aferaren konponbide bat emateko intentzioarekin. Hala ere, asmoak eta hitzak ez zituzten bete.
Hala ere, sei urte eta gero, bi gaztek baino ez zuten lortu izena ematea eta Ensanche 21ek jarritako baldintza zorrotzak betetzea. Izan ere, bloke batean soilik, Kutxi 92an, zabaldu zen izena emateko aukera, eta horretan parte hartzeko oso gazte gutxik bete zitzaketen bertan eskatzen zituzten baldintzak. Gasteizen hiru urte baino gehiago erroldatuta eramatea, soldata eta kontratu egonkorrak izatea eta adin tarte horretarako zurrunak diren beste baldintza batzuk. Alokairu soziala izenarekin batailatuta zegoen horrek, soldataren bi heren inguru suposatzen zizkion gazte bakar bati.
Gazte Emantzipaziorako Sareak jakitera eman zuenez, etxebizitza hauek okupatzearekin batera, Udaletxearen eta Ensanche 21en “joko zikinak” eman nahi zituzten aditzera: bloke hauetatik etekin ekonomikoa eskuratu diru publikoa baliatuz horretarako.
Gazteei bideratuta zegoena, salmentan orain
Alokairu sozialerako berritua izan zen Pinto kaleko bloke hau salmentan jarri dute. “Ez da kasualitatea, salgai dagoen bloke bakarrean bizi garen gazteok sententzia kondenatzailea jasotzen lehenak izatea”, salatu dute.
Gainera, ez da etxebizitzari soilik mugatutako proiektua izan Pinto 20 etxe okupatuarena. Gazteek berreskuratutako beste bloke askorekin egin bezala -Kutxi, Txikita, Korre…- erabilera soziala ere jarri dute martxan: auzoko jaietan parte hartu dute, arropa modu kolektiboan garbitzeko mekanismo kolektiboa jarri zuten martxan Txikita kalean…
Hala ere, traba asko izan dituzte jada gazteek. Besteak beste, bi aldi ezberdinetan moztu die argia Iberdrolak. Bi kasuetan, erantzun zabala izan zuten argi-mozketek, Gasteizko erdialdean eta Alde Zaharrean egindako mobilizazio jendetsuetan.
Datozen ordu eta egunetan adi egoteko deia zabaldu diote Hala Bediri GES-eko kideek, mobilizazio eta deialdi ezberdinak aurreikusten dituzte eta.
- Iberdrolak argindarra moztu die Pinto eta Txikitako bloke okupatuei, Udaltzaingoaren laguntzarekin
-
Okupazioa “tresna erabilgarria dela” aldarrikatu dute gazteen blokeen okupazioaren aurkako epaiketan
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!