Piketeak, ekintzak, manifestazioak… Gasteizko Martxoaren 8ko egitaraua aurkeztu dute
08:00etan hasiko dira ekimenak auzoetako piketeekin, bi manifestazio nagusi egongo dira eta gauerako ‘Emakume, trans eta bollerak Talkara!’ izeneko ekimena deitu dute. Arabako gainontzeko herrietako deialdi batzuk ere publiko egin dira.
Zazpi egun baino gutxiago geratzen dira Martxoaren 8rako. Astebete baino gutxiago Euskal Herriak Greba Feminista berri bat bizitzeko. “2019ko Martxoaren 8an emakumeok, transok eta bollerok lan guztiak utziko ditugu eta kaleak hartuko ditugu berriro ere”, azaldu du Mugimendu Feministak.
Gasteizko kasuan, eguneko egitarau nagusia aurkeztu dute:
- 08:00 Auzoak esnatu: piketeak eta propa kedadak auzoetan.
- 10:00 Elkarretaratzea eta propaganda Boulevard eta El Corte Ingles-en.
- 12:00 ‘Feministok planto!’ ekimen antifaxista Plaza Berrian.
- 14:30 Bazkari autogestionatua Santa Barbara plazan.
- 18:30 Ekimen antiarrazista Espainiako Gobernu Delegaritzan (Olagibel kalean).
- 19:00 Manifestazio nagusia: Iparralde Gizarte-Etxetik.
- 22:00 ‘Emakume, trans eta bollerak Talkara!’ izeneko ekimena.
Arabako gainontzeko herrietan ere, deialdi ezberdinak publiko egin dira jada.
Aiaraldea
- 12:30 Eskualdeko herri guztietan mobilizazioak.
- 20:00 Eskualdeko manifestazioa Urduñan.
Gorbeialdea
- Ekimenak Aramaion egun osoan zehar.
- 18:00 Elkarretaratzea Gopegiko Udaletxearen parean.
- Kotxe-karabana Gasteizko manifestaziora joateko.
Orain arte egindako prozesuari dagokionez, herri, eskualde eta maila nazionalean antolatzen hasi dira asanblada ireki zein batzordeetan. Aurten, grebaren aldarrikapenak ondo zehaztu nahi zituztenez, oinarri politiko amankomun batzuk ipintzeko ahalegina egin dute. Horretarako kolektibo ezberdinekin elkartu dira Mugimendu Feministako kideak: “Greban, jendarte osoa eta instituzioak interpelatuko ditugu”, azaldu dute.
Bost galdera eta bost erantzun, zalantzak argitze aldera
Bost galdera erantzun ditu Mugimendu Feministak Martxoaren 8ko Greba Feminista kontestualizatzeko:
- Zer da Greba Feminista bat?
Greba Feminista “bizitzako esparru guztietan kokatzen da, soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntza guztien aurrean. Beraz, Martxoaren 8an, transen, bolleren eta emakumeen bizitzak erdigunean jartzea da egunaren asmoa.
Horregatik, bost ardatzetan antolatu dute greba: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo Greba Feminista izango da.
-
Zer eskatzen dute?
Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dute. Horretarako, zaintzaren “berrantolaketa soziala” aldarrikatzen dute, alegia, pertsonen zaintza ez dadila zapalduen bizkarrean geratu. Finean, paktu sozial berri bat aldarrikatzen dute.
Aurten, gainera, zaintzaren gatazkari zentralitatea eman nahi dio Mugimendu Feministak. Horregatik, “etxeko eta zaintza lanetan, soldatapean zein modu doakoan, dauden emakumeekin* aliantzak sortzera, estutzera eta indartzera goaz eta lan hauek azaleratzeko moduak bilatzearekin batera”.
Bestetik, Martxoaren 8an bertan, gizonei zaintza lanen ardura guztia modu autonomoan hartu eta antolatzea eskatzen diete.
- Zein da grebaren subjetua? Nork egingo du greba?
Emakumeak, bollerak eta transak, hau da, “heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektuak”. Argitu nahi izan dutenez, “Greba Feministaren subjektu guztiak ez gara emakume bezala izendatzen. Are gehiago, iruditzen zaigu emakume eta gizon kategoria patriarkalekin amaitu beharra dagoela”. Beraz, emakume* hitza erabiltzerakoan, heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuez ari da Mugimendu Feminista.
Zalantzak argitze aldera, Greba Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitzen du. Egun honetan, beraz, Mugimendu Feministak hiri eta herrietan deitutako mobilizazioetan parte hartzera animatu dute eta ez beste eragile batzuk deitu dezaketen ekimenetan. Modu berean, Greba feminista dinamikaren irudi eta aldarrikapenak erabiltzera deitu dute sindikatu, alderdi edo beste edozein erakunderen sigla eta koloreen protagonismoa ekidituz. “Ez dugu Mugimendu Feministaren borroka inor xurgatzerik onartuko, ezta honen erabilpen alderdikoi edo korporatibista interesaturik ere”.
- Nola egingo da greba?
Aurreko urtean bezala, greba egiteko eta grebaren parte izateko hainbat modu egongo dira emakumeentzat*:
1. Lantoki eta ikasgeletan greba egitea.
2. Herri eta hirietako mobilizazioetara joatea.
3. Zaintzeari uztea eta, hori irudikatzeko, amantala balkoian eskegitzea.
4. Eskualde edo arlo konkretu batean greba antolatzea eta zabaltzea.
5. Besoko morea eta txapa ipintzea, grebarekin bat egiten dela adierazteko.
Hala ere, ez dute ahaztu nahi izan kontsumo greba batean aurrean gaudela. Beraz, Martxoaren 8an ez kontsumitzera deitzen dute Mugimendu Feministatik. “Greba Feministarekin eguneroko normaltasunarekin apurtu nahi dugu, hiriak, herriak eta auzoak geldiaraziz. Beraz, dena itxita egotea da helburua”.
- Zeri egingo zaio planto Martxoaren 8an?
Galdera honek ere bost erantzun ezberdin ditu, izan ere, Mugimendu Feministaren esanetan, “egungo zapalkuntza sistema basatia ezin dugu termino bakar batekin definitu”.
- Kapitalismoari planto. “Kapitalaren interesak erdigunean jartzen direlako eta ez bizitza edo pertsonen beharrak”. Gainera, lan antolaketaren oinarrian emakumeek musutruk egiten duten etxeko eta zaintza lana ere marko honen baitan biltzen dute.
- Patriarkatuari planto. “Botere sistematzat” definitu dute egungo sistema, “gizon bezala eraikiak izan direnen gobernua eta emakume bezala eraikiak garenon dominazioa dakarrena”. Beraz, alor honetan enplegu prekarioari, indarkeria matxistari, feminizidioei, injustizia patriarkalari, gorputzen kontrolari, publizitate sexistari… Egingo diote planto.
- Heteroaruari planto. Heterosexualitatea ez dute desira edo orientazio kontu bat bezala definitu, sistemak “behar-beharrezkoa” duen egitura bat baizik. “Arauaren bazterrean kokatzen garenok LGTBIQ+ fobiaren bitartez zigortzen gaituzte, eta, emakumeoi*, bizitza eredu bakarra markatzen digu: feminitatearen eredua jarraitzea, derrigorrezko heterosexualitatea, gizonen desirak asebetetzea, amatasun normatiboa, familia nuklearraren eta etxearen zaintza…”.
- Kolonialismoari planto. Pertsonen eta lurraldeen arteko harremanen artean desoreka bat dagoela ulertzen duten heinean, “mundu kolonial” batean bizi garela uste du Mugimendu Feministak eta horrek bazterketak eragiten dituela hainbat mailatan: arraza, kultura, kosmobisioa, ezagutzak, sinesmen erlijiosoak, bizitza ereduak, hizkuntzak…
- Kapazitismoari planto. Horrela definitu dute kapazitismoa: aniztasun funtzionala duten pertsonak alboratzea eta ez-gaitu bezala eraikitzea. “Ekoizpen sistemara egokitzen diren gorputz ahaldun eta ez ahaldunak ezartzen dira, eta azken hauek inklusiboak ez diren bizi ereduetara egokitu behar gara”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!