Patxi Ruizen aldeko manifestazio batek zeharkatu ditu Gasteizko kaleak
Gasteizko Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak manifestazioa burutu du gaur Murtzia II espetxean gose eta egarri greban dagoen Patxi Ruiz euskal preso politikoarekin elkartasuna adierazteko, ehunka lagun batu dira.
Osasun eta segurtasun neurriak mantenduz ehunka lagunek egin dute bat Patxi Ruiz euskal preso politikoaren aldeko manifestazioarekin. Manifestazioa arratsaldeko 20:30etan abiatu da Andra Mari Zuriaren plazatik.
10 egun igaro dira Patxi Ruiz euskal preso politiko txantrearrak borrokaldia hasi zuenetik. Covid-19ak espetxeetan sortutako egoera salatzeko zenbait presok egindako mobilizazio baten ostean espetxeko zuzendariaren mehatxuak jaso zituen Ruizek, protesten antolatzaile izatea egotzita. Grebari ekin aurretik ebakiak egin zituen besoetan euskal presoak eta erizaindegian artatua izan zen.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak Patxi Ruizen medikuaren papera salatu nahi izan du, azken hiru egunetan ez baitu presoa bisitatu.
Hain zuzen, Covid-19ak sortutako testuinguruan, kolpe gogorra ari dira jasotzen Estatuko espetxeetako presoak: bisitak jaso gabe, senideen hiletara joateko baimenik gabe edota Covid-19 gaitzaren aurkako neurri eraginkorrik gabe aurkitzen dira besteak beste.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!