Urkatutako panpin baten atzean ezkutatzen den errealitate gordina
Azaroaren 24ean, larunbatean, irudi bat birala bilakatu da sare sozaletan: gazte bat “urkatuta” agertu da. Baina, zer dago irudiaren atzean? Egia edo gezurra da? GES Gasteizek erantzun du.
Azaroaren 24ko eguerdi partean izan da, larunbatean. Sare sozialetan, WhatsApp-ean nagusiki, irudi bat hasi da mugitzen: “Gazte batek bere buruaz beste egin du eta Salburuako garabi batetik urkatu egin da”, irakur zitekeen argazkiaren batera zegoen mezuan. Orduek aurrera egin ahala, informazio berririk ez eta medio lokal zein nazionalek gaiaren inguruko albisterik ez.
Azkenean, “urkamendutik” ordu dexente igaro diren unean, salaketa ekimen baten atzean gaudela jakin dugu. Nola? Zergatik ekimen hau? GES Gasteizek (Gazte Emantzipaziorako Sareak) hartu du ekintza bere gain, Hala Bedi-ri helarazitako ohar batean irakur daitekeen bezala.
Izena jarri diote ere gazteari: Jon Garestiegi Etxeberria. Argi utzi dute hasieratik, ordea, paperezko panpin baten aurrean gaudela, baina “hipotekaren zamarekin itota dabiltzanak, kaleratzeengatik euren buruaz beste egin dutenak edo alokairua ezin ordainduta gurasoen etxean bizi diren gazteak ez dira paperezkoak“.
Oharrean bertan, egungo sisteman, etxebizitza batera sarbidea izateko modu bakarra merkatuak eskeintzen duena dela salatu dute, eta honen barruan bi aukera posible besterik ez dituzte ikusten gazteek: erostea ala alokatzea. “Etxebizitzen prezioak goranzko joera azkarra erakutsi du azken urteetan, eta honekin bankuek hipoteken bidez, poltsikoak betetzen ari dira”. Eta datu bat jarri dute mahaiaren gainean hori justifikatzeko: alokairuen prezioaren bataz bestekoa 983 eurotan dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
Gauzei bere izenez deitzen hasteko unea
Beste datu bat gogoratu dute. Gazteen langabezia tasa %28,5era iritsi zen 2017an, “eta enplegua dutenen baldintzak ezagunak egiten zaizkigu guztioi: kontraturik gabe lan egitea, lan-aldi partzialak edo aldi baterakoak, kontratu motzak, soldata baxuak… Etxebizitza eta gaztea, esaldi batean arazo hitza gehitu gabe idatzi ezin diren bi hitz”.
Salburua, Zabalgana, Aretxabaleta… eraikitze lanak berriro ere martxan dira. Milaka omen dira Gasteizen hutsik diren etxeak -“zaila da datu hau ezagutzea, zergatik izango ote da…”-, eta asko ere Udalaren jabetza dutenak. “Etxe hauei aterabidea eman ordez, eraginkorragoa omen da gehiago eraikitzea, kuriosoa. Jende askoren beharrak asetu ordez, hobe da gutxi batzuen poltsikoak betetzea“, salatu dute.
“Zer da etxebizitza? Eskubidea ala negozioa?“, galdetzen dio GES-ek bere buruari. Badute erantzuna: “Negozio itzela da. Eta gauzei bere izenez deitzen hasi behar garenez, ‘etxebizitza: gazteon arazoa’ esaten dugun era berean, sistema kapitalista heteropatriarkala ere esan genezake (hau kakotsik gabe)”.
Negozio honen atzean daudenak ere seinalatu nahi izan dituzte ekimen honen bitartez: promotorak, konstruktorak, inmobiliariak, instituzioak, banketxeak… “Seguraski koadrila honetako laguntxoren bat ahaztu dugula”.
Honen aurrean, GES-ek hirugarren aukera batzuk proposatzen ditu: “Salatu, borrokatu, eraiki, ez isildu, sortu, ohikatu, okupatu, zapalkuntzak konpartitu eta salatu berriro… Zein da zure aukera? Jon Garestiegi Etxeberriak hauetako bat aukeratu izan balu, seguru gaude bestelakoa litzatekeela bere egoera”.
Jon Garestiegi Etxeberria espekulazioak eraila! pic.twitter.com/4en5VvsdmO
— GES (@GESGasteiz) November 24, 2018
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!