Gasteizko udaltzain batek polizia operazio baten irudiak hartzea debekatu nahi izan zion mehatxuka ARGIAko kazetari bati 2020ko maiatzaren 7an. ARGIAk salaketa aurkeztu zuen Gasteizko Herritarren Defendatzailearen aurrean. Sindikoak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea eskubidea da; herritar guztiona, ez soilik kazetariona. Sindikoari emaniko erantzunean, Udaltzaingoak berak onartzen du kazetariaren eskubidea. Udaltzaingoaren esanetan, “egon daitezke, kasuren batean, oker egon daitezkeen agenteak”, baina ez zen udaltzainaren aurkako neurririk hartu “diziplinazko arau hausterik ez zelako egon”.