Ostalaritza sektorearen alde mobilizatu ziren igandean Agurainen
Elkarretaratzea burutu zuten atzo Agurainen ostalaritza sektorearen defentsan. Astebete darama sektoreak pertsiana jaitsita eta urgentziazko neurriak exijitu zituzten ostalaritzak biziraun dezan.
Aguraingo ostalariak “haserre eta kezkatuta” azaldu ziren igandeko elkarretaratzean; arriskuan ikusten dituzte jatetxe eta tabernak.
Pandemia hasi zenetik errudunak besterik ez direla bilatu salatu zuten; “ireki genuenetik jo-puntuan egon gara eta pandemiaren errudun gisa tratatu gaituzte” azaldu dute Aguraingo ostalariek. Kexu dira garraio publikoak eta merkatal-gune handiak jendez gainezka dauden bitartean, murrizketa guztiak ostalaritzara bideratuta doazelako.
Taberna eta jatetxeen itxierari inolako alternatibarik eskaini ez zaiola salatu zuten. Astebete darama sektoreak pertsiana jaitsita eta urgentziazko neurriak exijitu zituzten ostalaritzak biziraun dezan: “AHT eta horrelako proiektu txikitzaileetan dirutza xahutzen den bitartean, osasun publikoa berdin jarraitzen du eta guri limosna ziztrin bat eskaini digute“.
Ostalaritza sektoreko ordezkariek eskerrak eman nahi izan zieten ere Aguraingo herritarrei, jasotako elkartasun mezuengatik eta azken hilabeteetan erakutsitako jarrera arduratsuagatik ere: “batzuk kontrako bertsioa zabaltzeko ahalegina egin dute jazarpen poliziala justifikatzeko asmoarekin”.
Kaleratzeak pairatzen ari diren Araiako Lyrsa enpresako langileekin ere elkartasun izan zuten ostalariek. Hurrengo aste eta hilabetetako mobilizazioetan parte hartzeko deiarekin eman zioten amaiera elkarretaratzeari: “osasungintzan, hezkuntzan, ostalaritza edo edozein herri sektoreen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!