OkupaTUGasteiz eguneko lehenengo xehetasunak eman dituzte jakitera
Urriaren 6an Arabako hiriburuan ospatuko den OkupaTU Gasteiz eguneko lehenengo xehetasunak eman dituzte jakitera 40 egunen faltan. 2018a urte historikoa da Gasteizko herri mugimenduarentzako, izan ere, hiriburuko lau eragile garrantzitsuk urteurren borobila elkarbanatuko dute: Hala Bedik 35 urte, Gaztetxeak 30 urte, Auzolana Pilotalekuak 10 urte eta Errekaleorrek 5 urte.
Urteurren historikoa den moduan, “historiara pasako den egun bat” izatea nahi dute antolatzaileek ere urriaren 6a. Hori dela eta, lehenengo xehetasunak eman dituzte jakitera. Lehenengo larunbata aitzaki, herri azoka bat egongo da zeinetan herri mugimenduko eragile eta norbanako ezberdinek euren materiala jarriko duten eskuragai.
Eguneko puntu garrantzitsuenetariko bat eta jende gehien bildu nahi duena, herri bazkaria izango da. Hori dela eta, tiketak jada salgai daude Kandela, Parral eta Hala Bedi Tabernetan. “Giro sanoan belaunaldi ezberdinak bildu nahi ditugu mahaiaren inguruan, izan zirenak, direnak eta guregana hurbilduko direnak”. Gune hau gestionatzeko, bazkariko tiketak ahalik eta lasterren erosteko deia egin dute.
Jai giroa erdialdeko gune ezberdinetan egongo da. Gune zehatzak aurrerago emango dituzte jakitera, baina tabernekin elkarlanean arituko dira eta Gaztetxean ere ez da girorik faltako.
Artista lokalak dira lehenetsi direnak, estilo ezberdinak bilduz.
Hala ere, behin betiko egitaraua irailaren 6an egingo dute publiko, Matxete plazan 11:00etan eskainiko duten agerraldi batekin. Bertan, kartela aurkeztuko dute eragile ezberdinen presentziarekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!