Oholtzak irauli eta identitate disidenteak lehen lerroan jarriko ditu Mamarru Fest-ak
Maiatzaren 8, 9 eta 10ean errekaleorren egingo duten Mamarru Fest-a aurkeztu zuten atzo. Zis gizonei protagonismoa kendu etabestelako subjektuei ikusgarritasuna eman eta erreferentzia berriak ezartzea du helburu jaialdiak. Otsailaren 1ean aurkezpen jaialdia egingo dute Gasteizko Gaztetxean
Mamarru Fest-a aurkeztu zuten atzo Gasteizko gaztetxean egindako agerraldian. Eszenatokiak Zis gizonena direla eta identitate disidenteen lekua publikoarena dela, gezur horrekin haustera dator maiatzaren 8, 9 eta 10ean Errekaleorren ospatuko den jaialdia: “Zis gizonei protagonismoa kendu eta bestelako subjektuei ikusgarritasuna eman nahi diegu, bestelako erreferenteak nahi ditugulako”.
Espazioak hartzetik harago, “kontzientziak astintzeko” asmoarekin sortu da jaialdia: “Ez ditugu oholtzaren gainean rol berberak erreproduzitu nahi. Ez dugu itxurazko iraultza bat nahi”. Antolatzaileek Euskal Mitologiako pertsonaia den Mamarrua aukeratu dute iraultza hori eta identitate disidente eta zapalduak irudikatzeko.
Musika festibal bat baino gehiago
Espazio berriak sortzeko helburuarekin eramango dute aurrera jaialdia. Kultura ez merkantilizatua ardatz, kontzertuez gain mota askotariko tailerrak eta bestelako ekintzak ere eskainiko dituzte.
Kontsumoan ere jarriko dute fokua Mamarru Fest-an, ohiko jai ereduarekin apurtu nahian. Horretarako edari fermentatuak eta etxeko edariak salduko dituzte bakarrik. Kearen eta drogen kontsumoaren gaineko arreta berezia ere eskatu diete bertaratuko diren orori.
Halaber, jarrera autoritariorik, arrazistarik, matxistarik, espezistarik, kapazitistarik ezta lgtbfoborik onartuko eta protokolo desberdinak garatuko dituzte hauen aurrean “erantzun bateratua emateko”.
Otsailak 1, aurkezpen jaialdia
Gasteizko Gaztetxean egingo dute Mamarru Fest-aren aurkezpen jaialdia larunbat honetan, otsailak 1. Arratsaldeko 18:00etan, mahai-inguru batekin emango diote hasiera aurkezpen jaialdiari. Autogestioa, musika eta feminismoa izango dute hizpide Miren Narbaiza, Plum, Belen Nevado, Ana “Barvill” eta Oihana Alberdirekin.
21:00etan kontzertuen tartea izango da. Mice eta Kontra Adiktion taldeak igoko dira oholtza gainera. Horretaz gain freestyle eta sorpresa gehiagorentzako tartea ere izango da. Jaialdiari pendrive gauarekin emango diote amaiera, horretarako, Dj Komando Klitrorix eta Dj Rosamari arduratuko dira musika jartzeaz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!