Euskal ordezkaritza #Öçalan-en askatasunaren aldeko nazioarteko martxan, tartean, HalaBedi-ko korrespontsalia bat
Öçalanen askatasuna eskatzeko nazioarteko martxak Luxenburgo eta Strasburgo batuko ditu datorren otsailaren 1etik 11ra. Askapena eta Hala Bediko bi kidek martxaren nondik norakoak ezagutzera emango dituzte.
Demokraziaren, nazio, etnia eta erlijio talde ezberdinen arteko elkarbizitzaren, amalurraren eta emakumeen askatasunaren aldeko borrokak erdigunean kokatu du herrialde kurdua. Gainera, Kurdistango zonalde ezberdinetan azken urteotan emandako gertakariek (Bakur eta Rojava-n batez ere) erronka izugarriak jarri dizkie mahai gainean.
1999an kurduen askapen mugimenduko buru den Abdullah Öçalan Kenian atxilotu zuten nazioarteko hainbat agenteren (Turkia, AEB eta Ebko hainbat estaturen) arteko kooperazioari esker. Geroztik, Imraliko uhartean bakarturik dute, eta hainbat iturriren arabera, urteetan zehar jasandako tortura fisiko zein psikologikoek bere osasun egoeran izugarrizko kaltea eragin dute. Orain, Erdoganek gidatzen duen AKP alderdiak Oçalan eta kurduen aurka ofentsiba berria abiatu du beste behin ere.
Kurdistango egoera eta batez ere Öçalanen egoeraren inguruan arreta erakarri nahi duen nazioarteko martxak Luxenburgo eta Strasburgo batuko ditu datorren otsailaren 1etik 11ra. Euskal Herritik herri mugimenduko ordezkaritza bat bidaliko da herri kurduari babes eta elkartasuna adierazteko asmoz. Horrela, datozen egunotan, Askapena eta Hala Bediko bi kidek martxaren nondik norakoak ezagutzera emango dituzte, bertan izango diren konferentzia eta tailer ezberdinetan ere parte hartuz. Herritik herrirako elkartasun internazionalista praktikan jartzea ezinbestekoa izango da, oraingoan ere, eta, beraz, adi jarraituko ditugu bertatik datozen egunotan jasoko ditugun kronika eta albisteak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!