7 arabar epaituko dituzte urtarrilean Madrilen, Murillo epailearen aurrean herri harresia irudikatzeagatik
Guztira, 50 lagun epaituko dituzte Alcala de Henareseko epaitegietan. Bost hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dute bakoitzarentzat, 2015eko epaiketa batean, publiko gisa, herri harresia irudikatzeagatik eta gazte auziperatuei babesa emateagatik.
2013. urtea zen. Sortu berri zen Ernai Gazte Antolakundeak Gazte Danbada antolatu zuen Urduñan. Ekitaldi nagusiaren egunean, Xabier Lopez Peña preso politikoa espetxean hil izana salatu zuten. Hala azaldu zuen Ernaik: “Frantziak eta Espainiak presoei ezarritako salbuespenezko neurriak salatu genituen bertan bildu ginen gazte guztiok”.
Fiskaltzak eta AVT elkarteak, terrorismoari gorazarre egitea leporatuta, bina urteko kartzela zigorra eskatu zuten Ernaiko sei kiderentzat, tartean, Aitor Amda gasteiztarrarentzat. Zazpigarren kidearentzat eta Iraitz Salegi eta Periko Solabarriarentzat urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuten. Azkenean, ordea, Periko Solabarriaren aurkako karguak epaiketa hasi aurretik kendu zituzten.
Epaiketa egunaren aurretik, Gasteizko Herri Harresian hiru gazte independentista espetxeratu zituzten. Espetxeratze hauek eta gazteriaren kriminalizazioa salatzeko, epaiketa egunean bertan, Aitor Anda eta beste zazpi kidek epaiketa eten zuten, espetxeatuen argazkiak soinean zituztela.
Gazteek, publikoaren babesa izan zuten eta Angela Murillo epailearen aginduz, hurbildutako guztiak identifikatu zituzten. Guztira, 50 lagun -gazteak, lagunak, senideak…-, haietako 7 arabarrak.
Orain, hiru urteren ostean, 50ak epaituko dituzte Madrilen -Alcala de Henareseko epaitegietan, ez Audientzia Nazionalean. Urtarrilaren 9an hasiko da epaiketa eta 15ean amaitzea espero dute. Gazte bakoitzari bost hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diote.
Epaiketaren gastuei aurre egiteko, dinamikaren puntualen bat jarriko dute martxan Arabako gazte auziperatuek, baina aurrerago zehaztuko dituzte hauek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!