D-Tox eta Paüra bilduko dira Muinoko Hotsak-en urteko azken kontzertuan
Urtea amaitzeko, Muinoko Hotsak jaialdiak punk-rock zaporea izango du. Abenduaren 14an, ostiralean, D-Tox taldeak Demolición diskoaren aurkezpen-bira amaituko du, ondoren atseden hartzeko. Beraiekin, Bartzelonako Paüra taldea izango da oholtza gainean, nazioartetik etorriko den lehen taldea.
Gasteizko Gaztetxeak eta Hala Bedik antolatzen duten Muinoko Hotsak ekimena ostiral honetan itzuliko da oholtza gainera. Dagoeneko salgai daude sarrerak Hala Bedi Tabernan, 5 euroren truke. Egunean bertan ere, 20.30etatik aurrera Gaztetxean bertan egongo dira eskuragai, ordu horretan irekiko baititu ateak muinoko etxeak.
Paüra
D-TOX Distorsión Tóxica
Umorez iragarritako kontzertua
D-Tox gasteiztarren ohiturari jarraituz, Gasteizen kontzertua duten bakoitzean egin ohi duten bezala, umorezko bideoen bitartez iragarri dute hitzordu hau. Hemen dituzue ikusgai azken egunotan sare sozialen bidez zabaldu dituzten promo bideoak:
1. Els Sons del Turó
Lehenengo bideoan, bi taldetako kideak agertzen dira kontzerturako deialdia eginez: D-Tox gasteiztarrek katalanez, eta Paüra katalanek euskaraz.
2. La Estrategia
Bigarren promo bideoan, D-Tox taldeko kideak agertzen dira kontzerturako estrategia prestatzen:
3. El Gran Debate
Eta azkenik, sarea astindu duen azken promo bideoan, D-Tox taldeko Gindi Auzmendi topatuko dugu, bizitzako eztabaida totxo horietako baten inguruan hausnartzen: Gublins-ak edo apetinak?
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!