Mugimendu feministak identifikatutako hainbat eraso sexisten berri eman du
Urtarrilean emakume batek eraso sexista salatu zuen Errekaleor auzoan. Orduan, eraso sexisten aurkako protokoloa aktibatu zen, baina erasotzaileak ez du protokoloa errespetatu. «Erasotzailea gure ingurukoa denean erasoari garrantzia kentzeko joera» salatu dute, eta lanketa berezia abiatuko dute honen aurrean Arabako herri mugimenduarekin.
Azken hilabeteotan Gasteizen identifikatutako eraso sexistak salatu dituzte Errekaleor Bizirik!-ek, Lamingorriek (Mendialdea) eta Lautadako eta Gasteizko mugimendu feministek. Salatu dutenez, urtarrilean emakume batek eraso sexista bat salatu zuen Errekaleor auzoan. Horren ondorioz eraso sexisten aurkako protokoloa martxan jarri zen: komisio bat sortu eta erasotzaileari hainbat gunetako sarrera debekatu zioten. Gainera, gaia lantzerako orduan, beste hiru kasu identifikatu ziren.
Eraso berriak ekiditzeko asmoarekin, erasotzaileari lanketa bat egitea proposatu zioten, baina honek protokoloa errespetatu ez duela salatu dute, besteak beste, buruturiko erasoa ukatuz, erasotua jazartuz edo guztia salatzeko ekimen baten aurrean indar polizialak deituz.
«Eraso sexistak ez dira soilik jipoiak eta kale ilunetan ematen diren bortxaketak, heteropatriarkatuaren oinarrizko zapalkuntza estrukturalen ondorio baizik», azpimarratu du mugimendu feministak. «Eta, noski, gure espazioetan ere» eraso sexistak ematen direla ohartarazi dute, «erasotzailea gure ingurukoa denean, erasoari garrantzia kentzeko eta erasoa zalantzan jartzeko joera» indarrez salatuz.
Guzti honen harira, Gasteiz zein Arabako herri mugimenduari deialdia luzatu diote, hemendik aurrera abiaraziko den lanketa berezian parte hartzera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!