“Gerrak elikatzen dituzten” politikariei exijentziak Gasteizeraino
Mugak Zabalduz karabanako kideak Gasteizera iritsi dira ibilbideko etenaldi bat egiteko. Arabako hiriburuan, Eusko Legebiltzarraren aurrean, botere politikoak eta armagintzak elkar hartuta jokatzen dutela salatu dute.
2017an, 84.500.000 euro fakturatu ziren arma laburren, pistolen, granaden, lehergailuen eta munizioaren salmentan. Zenbateko horri bestelako material militarra fabrikatzeak sortzen dituen diru-sarrerak gehitu behar zaizkio, hala nola tankeetarako eta gerra-hegazkinetarako osagaiak.
Datu hauek guztiak mahaiaren gainean ajrir ditu Mugak Zabalduz EH karabanak, Gasteizen egin dituen ekitaldi ezberdinetan. Apirilaren 29an iritsi ziren eta segregazio hizpide hartu ostean, kontzertua izan zuten Gasteizko Gaztetxean. Astelehenean, aldiz, ekimena egin zuten Legebiltzarrean.
Salatu dutenez, arma horiek tonaka irteten dira Bilboko portutik. Helmuga dute, besteak beste, Saudi Arabia, eta herrialde horrek aktiboki hartzen du parte Siria eta Yemeneko gerretan, non sistematikoki urratzen diren giza eskubideak.
“Ehunetik gora dira negozio odoltsu honi etekina ateratzen dioten euskal enpresak, zeinek erakunde publikoen babesa baitute, bai eta Euskal Herriko Unibertsitatearena eta ordezkari politikoena ere”, adierazi dute. Gainera, gogoratu dutenez, Estatuko aurrekontuetatik ere ateratzen dute etekina enpresa horiek, 2017an, 18.500 milioi euro baino gehiago eman baitzituzten gastu militarretarako. “Ez gara harritu behar: hortxe daude ate birakariak, oraindik ere zabal-zabalik, enpresa horietako administrazio-kontseiluen eta erakunde publikoen artean”.
Mugak Zabalduz Euskal Herria 2018 karabanako kideek bost exijentzia egin dizkiote Legebiltzarrari:
1.- Bertan behera uztea Eusko Jaurlaritzak eta euskal erakundeek armak egiten eta saltzen dituzten enpresei ematen dieten babesa.
2.- Itxi daitezela erakunde publikoen eta enpresa horien arteko ate birakariak.
3.- Errespetatu daitezela Estatuko legeak eta nazioarteko itunak, giza eskubideak sistematikoki urratzen dituzten herrialdeei armak saltzea debekatzen dutenak.
4.- Euro bat bera ere ez jartzea EAEko aurrekontuetan gastu militarretarako. Eta euro bat bera ere ez ateratzea Euskal Herritik Espainiako Estatuaren gastu militarrerako.
5.- Partida horiek gizarte-beharrizanetarako eta benetako harrera- eta babes-politiketarako erabil daitezela.
Argazkiak | EkinKlik
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!