Mozal Legearen aurkako konpromisoak eskatuko ditu Eleak/Librek Gasteizko Udaletxean
Maiatzaren 25eko osoko bilkuran hiru puntu eskatuko dizkie Eleak/Libre dinamikak Gasteizko Udalari eta bertako ordezkari politikoei, “herritarron eskubide zibil eta politikoak errespetatuak izan daitezen eskatzeko”.
Maiatzaren 25ean, ostiralean, Gasteizko Udaletxean Mozal Legearen aurkako mozioa aurkeztuko du Eleak/Libre dinamikak. 2015eko uztailaren 1ean indarrean jarritako “lege injustu” honen aurrean, “herritarrok kalera ateratzeko gero eta behar gehiago” ditugula adierazi duten prentsaren aurrean egindako agerraldian.
Zehazki, hiru puntu eskatuko dizkiete Udalari eta bertako ordezkari politikoei:
- Mozal Legearen eta gainerako lege injustuen aurkako jarrera publikoa berrestea.
- Lege hau berriz aplikatzen bada, salaketa publikoa egitea eta zigortuari babesa ematea.
- Udaleko ordezkaritza publikoaren gehiengoa lege honen aurka egonik, lege hau ez aplikatzeko konpromisoa hartzea.
Disidentzia zigortzeko legea
Mugimenduak agerraldian adierazi duenez, “protesta zigortzeko helburuarekin daude formulatuta neurriok”. Gaineratu dutenez, Mozal Legearekin ” ez dira soilik gertakariak kriminalizatzen; giza-taldeak ere kriminalizatuak dira”. Salatu dutenez, “polizia epaile bihurtzen da, poliziaren inpunitatea handituz eta herritarrak babesgabe utziz”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!