Mobilizazioak iragarri dituzte Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aurkako epaia salatzeko
ANkerkeriari Stop herri-ekimenak agerraldi masiboa deitu du ostegunerako eta larunbatean manifestazio ezberdinak egingo dituzte. Audientzia Nazionalak lau urteko espetxe zigorra ezarri dio gazte arabar bakoitzari.
Auzitegi Nazionalak Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteei lau urteko kartzela zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri ostean, ANkerkeriari Stop herri-ekimenak mobilizazioak deitu ditu datozen egunetarako.
Zabaldutako irakurketa batean azaldu dutenez, ostegunean herri-agerraldi batean parte hartzeko deia egin diete herritarrei: 17:00etan izango da, Gasteizko Foru plazan
Bestalde, larunbatean manifestazioak egingo dituzte Gasteizen eta Amurrion, Zelaia eta Barbadoren herrietan. Aurrerago zehaztuko dute hauen formatua baina momentuz “data gordetzeko” deia egin dute ekimenetik.
Horretaz gain, ekimena “tokian-toki elkartasun eta babes keinuak egitera” animatu dituzte herritarrak.
“Desirak eta ametsak zapuztu nahi dituen eraso planifikatua da”
Deialdiak zabaltzearekin batera, sententziaren lehen balorazio bat egin dute ANkerkeriari Stop-etik: “Eskura ditugun bide guztiak agortu arte jarraituko dugu, izan errekurtso bidez eremu judizialean edo izan elkartasun, babes eta salaketa bidez Euskal Herriko kaleetan”.
Bien bitartean, ordea, Barbado eta Zelaiaren eguneroko bizitzek baldintzatuta jarraituko dutela gaitzetsi dute, auziaren bilakaerak ekar dezakeenaren esperoan.
Sententziaen mamiari dagokionez, Audientzia Nazionalak “egiazkotasun-presuntzioa daukaten morroien deklarazio huts bat eta sostengatu ezin izan duten etorkizun handiko ikerketa lerro bat” erabili dituela salatu dute.
“Epaiak berretsi besterik ez du egiten azken asteetan salatutakoa. Konpromiso eta jardun politikoa izan dela, hain justu, salbuespenezko auzitegian epaitu dutena. Ez da bi gazte arabarren aurkako eraso huts bat, herri oso baten nahiak, desirak eta ametsak zapuztu nahi dituen eraso planifikatua baizik. Honen aurrean, hartutako bidean berresten gara: elkartasuna eta elkarrekiko babesa. Hori baita herri honek hamarkadetan zehar erakutsitako baliorik handiena”, ondorioztatu dute.
🚨ADI! Larunbatean mobilizazioak Gasteizen eta Amurrion. Ostegunean (ots-4) herri-agerraldia 17:00etan Foru plazan.
✊ATENTXS! El sábado movilizaciones en Gasteiz y Amurrio. El jueves (4-F) comparecencia popular en la Plaza Fueros.
Laster informazio gehiago.#ANkerkeriariSTOP pic.twitter.com/UZBOsXROE3
— ANkerkeriariStop (@ANkerkeriaSTOP) February 3, 2021
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!