Mobilizazioa egin dute Gasteizen urriaren 12an “Ezer ez ospatzeko” lelopean
Ernaik deituta, manifestazio jendetsua egin dute Hispanitatearen Egunean "jaiegun arrotz honetan ospatzeko ezer ez dugula adierazi" eta "bestelako Euskal Herri bat" aldarrikatzeko.
Argazkia: Ernai.
Gaur, Hispanitatearen Eguna dela eta, mobilizazioak deitu ditu Ernai gazte antolakundeak Hego Euskal Herriko hainbat eskualdetan. Gasteizen eguerdian egin da manifestazioa.
Mobilizazio egunaren helburua “ukazioan, inposizioan eta injustizietan oinarritutako Espainiako 78ko Erregimenak ordezkatzen duen proiektuaren aurrean, aldarri independentista kalera ateratzea” izan da: “jaiegun arrotz honetan ospatzeko ezer ez dugula adierazi eta bestelako Euskal Herri bat; euskalduna, sozialista, feminista, antifaxista… eraikitzeko nahia kalera ateratzea, alegia”.
Espainiako Estatuaren oinarri supremazista eta arrazista ere salatu dute. Gogorarazi dute 529 urte direla Espainiako Inperioak Hego Ameriketako etnizidioa abiatu zuela, eta Estatuak hori ospatzen jarraitzen duela, “ukazioaz eta inposizioaz” harro.
Gauzak horrela, “78ko Erregimenari arrakalak biderkatzeko” baliatu nahi izan dute Hispanitatearen Eguna, eta baita “bestelako Euskal Herria” eraikitzea posible dela aldarrikatzeko ere: “orain inoiz baino gehiago, geure egitekoa da euskal errepublika sozialista, feminista eta euskaldunerako bidea egitea”.
❌Gaur, URRIAK 12, gazte independentistok ez dugu ezer ospatzeko. 529 urteren ostean Espainiar inposizioarekin apurtzeko garaia da.
✊Gora Euskal Herria aske, sozialista eta feminista! Gora euskal gazteria! pic.twitter.com/sX0J8utW1Y
— Ernai Gasteiz (@ErnaiGasteiz) October 12, 2021
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!