Mobilizatzen hasi dira Amurrioko Udaleko langileak, alkatea komitearekin bildu eta negoziatzera bultzatzeko
Mobilizatzen hasi dira Amurrioko Udaleko langileak, alkatea komitearekin bildu eta negoziatzera bultzatzeko Txabi Alvarado Bañares 2024ko api. 17a, 21:00 Mobilizatzen hasi dira Amurrioko Udaleko langileak, alkatea komitearekin bildu eta negoziatzera bultzatzeko Ostiralero bilduko dira langileak Udaletxe aurrean. Ostiralero egingo dute elkarretaratzea Udaletxe aurrean, 11:00etan. Lanpostuen balorazioa egitea eta jubilazio pizgarrietarako eskubidea berreskuratzea dira langileen aldarri nagusiak. through Aiaraldea.eus
Mobilizatzeari ekin diote Amurrioko Udaleko langileek, “alkateak uko egin diolako komitearekin biltzeari eta negoziatzeari”. Iragan ostiralean egin zuten lehen elkarretaratzea, goizeko hamaiketan udaletxearen aurrean, eta astero errepikatuko dute, egun, ordu eta toki berean.
Enpresa Batzordeak azaldu duenez, langileen asanbladan hartu dute borroka dinamika abiatzeko erabakia, negoziazioen aktibazioa “behin baino gehiagotan” eskatu ostean Udal Gobernu Taldeari.
LAB, ELA eta ESANek osatzen dute komitea. Sindikatu horiek salatu dutenez, ez dute erantzunik jaso Udal Gobernuaren partetik, eta alkateak uko egin dio langileei lotutako gaiak eurekin negoziatzeari, “Udalhitz hitzarmenean jasotakoa eskubidea” den arren.
Sindikatuen aburuz, bi dira landu beharko liratekeen gai nagusiak. Alde batetik, uste dute “urgentziazkoa” dela lanpostuen balorazioa egitea. Langileen ordezkariek argudiatu dute lan hori jada egina dagoela inguruko hainbat tokiko erakundeetan, Aiarako Kuadrillan edota Laudio, Urduña zein Artziniegako Udaletan kasu. Euren ustez, balorazioa egitea funtsezkoa da udal-langileek dituzten funtzioak “modu justu eta ekitatiboan” zehazteko, “Gobernu Taldeak eta Alkatetzak hartzen dituzten erabaki arbitrarioak eta diskrezionalak” saihestuz. Nabarmendu dutenez, orain arte lanpostu batzuk baino ez dira baloratu, eta horrek “ezinegona eta sumindura” sortu ditu tokiko erakundeko beharginen artean.
Sindikatuen nabarmendu dutenez, Amurrioko Udalari egin dizkioten eskaerak jada bete egin dira inguruko beste tokiko erakundeetan.
Aurre-jubilazioari lotutako pizgarriena da mahai gainean jarri duten bigarren gaia. Enpresa Batzordearen aburuz, eskubide hori berrezarri behar da, belaunaldi berriak administrazio publikoak sartzea ahalbidetuko lukeelako, besteak beste. Baina, salatu dutenez, sindikatuek aurkeztutako proposamen guztiak blokeatu ditu Udal Gobernuak, eta horrek kontrastea sortzen du inguruko erakundeetako egoerarekin: “Aldundi guztiek eta udal ezberdinek negoziatu dituzte formulak plantillak gaztetzeko eta lan bizitzako azken etapan dauden langileei aurre jubilatzeko pizgarriak bermatzeko”.
Nabarmendu dutenez, Enpresa Batzordeak bi urte daramatza bi gai horiek lantzen, “Langileen Batzorde guztietan interpelazio etengabeak eginez, proposamenak mahai gainean jarriz, ezer aurreratu gabe”. Hori lotuta, “oso larritzat” jo dute Gobernu Taldeak “eta, bereziki, alkatetzak” uko egin izana sindikatuetako ordezkariekin negoziatzeari. Gauzak hala, mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute, egoera bideratu arte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!