Milaka pentsionista mobilizatu dira gaur Gasteizen beraien aldarrikapenak Eusko Legebiltzarreraino eramateko
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik etorritako milaka pentsionistek Gasteizko kaleak hartu dituzte gaur goizean. Pentsio publikoen defentsan borrokan jarraituko dutela adierazi eta urtarrilaren 30eko Greba Orokorrera batzeko deia egin dute. Mobilizazioaren argazkiak bildu ditugu argazki galeria batean.
Bizkaia eta Gipuzkoako pentsionistek Arabakoekin egin dute bat gaur Gasteizko kaleetatik egin duten manifestazio jendetsuan. Bi zutabe abiatu dira goizeko 10:00etan, Europa Jauregitik bata eta Iparraldetik bestea. Bi zutabeek Katedral Berrian egin dute bat eta erdiguneko kaleak zeharkatu ostean Katedral Berrira jo dute berriz mobilizazioari amaiera emateko. Antolatzaileen arabera 5.000 pentsionista batu dira manifestaziora.
Bi zutabeek Gazteizko kaleetan aurrera egiten zuten bitartean pentsionisten delegazio bat Eusko Legebiltzarrera hurbildu da. Eskura entregatu dituzte bertan gaurko mobilizazioaren aldarrikapenak: Pentsio publikoen defentsa eta 1.080 euroko pentsio minimoa bermatzea. Amaiera ekitaldian borrokan jarraituko dutela adierazi eta urtarrilaren 30erako Eskubide Sozailen kartak deitu duen greba orokorrean parte hartzeko deia luzatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!