[ARGAZKI GALERIA] Mercedeseko Zuzendaritzak uko egin dio negoziatzeari, mobilizazioak deskonbokatzen ez badira
Mercedesen greba eguna da gaur, aste honetako bigarrena. Zuzendaritzaren mehatxuak gora behera, masiboa ari da izaten greben eta mobilizazioen jarraipena.
Mercedeseko Zuzendaritzak gaur Enpresa Batzordeari jakinarazi dio eten egingo dituela negoziazio bilerak, mobilizazioak deskonbokatzen ez badituzte. ELA, LAB eta ESK-k ohar batez azaldu dute orain esan duela enpresak grebekin ez dagoela negoziatzeko prest, orain arte egin badu ere. Uste dute zuzendaritza gatazka areagotzen ari dela, langileen eskakizunei entzun beharrean.
Mercedesen greba eguna da gaur, aste honetako bigarrena eta hitzarmenaren negoziazioak mobilizazioak hasi zirenetik zazpigarrena. Aurreko grebek %95 jarraipena izan dute eta produkzioa gelditu. ELA, LAB eta ESK-k mantendu dituzte greba deialdiak, gainontzeko sindikatuek deskonbokatu ostean. ELA, LAB eta ESK-k aho batez esan dute zuzendaritzaren azken proposamena urrun dagoela langileen eskakizunetatik.
CCOO, UGT, PIM eta Ekintzak ez dute greba babestu, zuzendaritzaren azken proposamenaren ondoren. Langileak kexu dira, eta “plantilla ez errespetatzea” egotzi dieten ahotsak ere entzun dira.
“Gertatzen ari dena ez da fenomeno iragankorra, ezta inprobisazioaren emaitza ere. Mercedesen mehatxuak eta xantaiak jasaten urteak daramatzagunok badakigu eskatzen diren edukiekiko hitzarmenak antolaketarekin eta borrokarekin baino ez direla lortzen. Enpresek, kasu honetan Mercedesek, beti dute plan bat. ELAk argi dauka langileok gure plana izan behar dugula”, adierazi du ELAk.
ELA, LAB eta ESK sindikatuek osatutako blokeak Enpresa Batzordean %45eko ordezkaritza du. Hala ere, plantillaren %95 eta %90a mobilizatu dute atzoko eta gaurko deialdietan. Goizean pikete informatiboak egin dituzte, lehen txandaren aurretik. Oso jendetsuak izan dira. Manifestazioa ere egin dute Mercedesetik Eusko Jaurlaritzara, 10:30etan. Masiboa izan da jarraipena.
Bien bitartean, Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia sailburua Stuttgarten (Alemanian) izan ziren atzo, Emilio Titos, Gasteizko plantako zuzendariarekin batera, Mercedes Benzeko zuzendaritzarekin biltzeko. Atzo bertan, bilera ostean egindako deklarazioetan, “enpresaren alde” dagoela adierazi du Urkulluk, eta malgutasuna eskatu die langileei.
Langileek eskatzen dute igandeetan malgutasuna ez handitzeko seigarren gauarekin, erosteko ahalmena ez galtzeko, txanda-kontratua hobetzeko, langile berriak ez diskriminatzeko eta asteburuetan eta jaiegunetan lan egiten duten 500 langileen lan-baldintzak adosteko. Aldiz, zuzendaritzaren azken proposamena urrun dago baldintza horiek bermatzetik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!