Mendiolak “lintxamendu mediatikoa” salatu eta herritarren erabakia errespetatzea eskatu du
"Lintxamendu mediatikoaren, irainaren eta manipulazioaren aurrean, Mendiolako herriak bere jendearen gehiengoaren erabakiarekiko errespetuarekin baino ez du erantzungo", adierazi du kontzejuko Administrazio Batzarrak. through Alea.eus
Joan den igandean, Mendiolako bizilagunek gehiengoz erabaki zuten Kutzemendi mendiaren tontorrean dagoen Olarizuko gurutzea kontzejuaren inbentarioan sartzea, eta, horrela, gurutzea eraisteko aukera zabalik geratu da; aldeko 37 boto, eta kontrako 28 izan ziren.
Polemika piztu du erabakiak, eta ohar publiko batekin erantzun nahi izan du Mendiolako Administrazio Batzarrak: “Kontzejuak kontzejuaren beraren erabakiz irekitako espedientearen behin betiko ebazpena bozkatu zuen. Inongo administraziok eta pertsonak ez du gurutzearen jabetzarik planteatu, ezta horretarako ezarritako aldian inolako frogarik aurkeztu ere”, azpimarratu dute.
Fase juridiko hori amaituta, Olarizuko gurutzea Mendiolako Kontzejuko ondasunen erregistroan inskribatzeko eskaerari bide eman zaio, eta Udalak eta Aldundiak bi hilabete dituzte orain jurisdikzio-errekurtsoa aurkezteko Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.
“Lintxamendu mediatikoa”
“Orain, 2021ean, 1952an bezala, lurren jabearen baimenik gabe gurutzea eraiki zenean bezala, kontzejuekiko eta horiek osatzen dituzten pertsonekiko errespetua defendatzea beharrezkoa da, batez ere, haien ondasun eta eskubideei buruzko iritzia emateko, adierazteko eta erabakitzeko askatasuna baliatuz”, aldarrikatu du Mendiolako Administrazio Batzarrak.
Horrekin batera, babes mezu bat helarazi nahi izan die Mendiolako herritar guztiei: “Lintxamendu eta epaiketa mediatikoaren, karikaturizazioaren, irainaren eta manipulazioaren aurrean, Mendiolako herriak bere jendearen gehiengoaren erabakiarekiko errespetuarekin baino ez du erantzungo, bere iritzietan plurala baita eta ezberdintasunean errespetuzkoa. Izan ere, lehen eta orain, benetako demokrazia bakarra praktikatzen dena da“.
Gurutzea babesteko mozioa
Mendiolako kontzejuak hartutako azken erabakiaren harira, Olarizuko gurutzea babestea proposatu du udal gobernuak, eta hura mantentzeko laguntza eskatu dio Mendiolari, “Gasteizko bizilagunentzat esanahi berezia duen elementua den aldetik”.
Horretarako, udal gobernuko bi alderdiek, EAJk eta PSEk, mozio bat eramango dute ostiral honetan osoko bilkurara. Gainera, Olarizu hegoaldeko auzo elkarteko ordezkari batek eta monumentua sustatu duten familietako batek herritarren txandan parte hartzeko eskaera erregistratu dute. “Olarizuko gurutzea ordaindu eta eraiki zuten pertsona eta familiekiko errespetua eta begirunea” erakuts ditzala eta “agintari frankistek monumentu horretaz legez kontra jabetzen saiatzeko hartutako erabakia” arbuia eta gaitzets dezala eskatuko diote Udalari.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!