Mendebaldeko Sahararen baliabide naturalen espoliazioaren aurkako jardunaldiak Gasteizen
Mendebaldeko Sahararen baliabide naturalak ukatu egin dizkiote bertoko herriari, Espainiar estatuak eta Marokok, potentzia kolonial eta okupatzaileek, ustiatu dituztelako.
Arpilatze hori nola gauzatzen den eta lurraldeko bertako biztanleengan nolako ondorioak dituen azaltzeko, Arabako SEADen Lagunak eta Irribarre sahararrak elikatzen elkarteek, Western Sahara is not for sale (WSNS) kanpainarekin lankidetzan, «Sahara: egin planto espoliazioari!» jardunaldiak antolatu dituzte. Jardunaldiek Mendebaldeko Saharako baliabide naturalen espoliazioaren ezagutzan sakontzeko topagunea izan nahi dute, Saharar Herria duela ia mende erdi murgilduta dagoen gatazka betikotzeko faktore erabakigarria baita.
Jardunaldiak urriaren 21ean eta 22an izango dira, Europa Biltzar Jauregian, eta bertan sakon aztertuko da nolakoa den Marokok Mendebaldeko Saharan egiten duen baliabide naturalen espoliazioa, nazioarteko komunitatearen zati handi baten eta nazioz gaindiko enpresa askoren adostasunarekin.
Enpresa horiek, etekin ekonomikoa lortzeaz gain, beharrezko laguntzaile dira okupaziorako. Halaber, ibilbide bat egingo da Europako eta nazioarteko erakundeek emandako ebazpen eta epaietan barrena, horiek adierazten baitute jabetze hori legez kanpokoa dela.
Jardunaldien aurreko jarduera gisa, ostegun arratsaldean, urriak 20, 19:00etan, Sergio Arrospidek Mendebaldeko Saharako baliabideen espoliazioa umoretik kritikatzeko gune bat sortuko du, eskuarki kontsumitzen ditugun produktuen jatorriaz hausnartzeko premiaz kontzientzia sortzeko asmoz. Bakarrizketa Aldabe Gizarte Etxean egingo da. Sarrera librea da edukiera bete arte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!