Martxoaren 8a, feminismoa zorrozten jarraitzeko eguna
Martxoaren 8ak irudi eta ekimen ugari utzi dizkigu Euskal Herri eta mundu guztian zehar. Gasteizen ere, ekimen ugari egon dira. 19:00etan gazte bloke feminista ezberdinak abiatu dira Errekaleorretik eta Sumendi Gazte Espaziotik, Fariñaseko gazte mobilizazioaren bat egiteko. Manifestazio nagusia 20:00etan abiatu da San Anton Plazatik.
Goizean, Gasteizko Kanpuseko Guet talde feministak deituta, nazioarteko paroarekin bat egin dute ikasleek: 09:00etan hasi dira goiz guztian zehar luzatu diren ekimenak. Mobilizazio nagusiak kanpuseko fakultate nagusiak zeharkatu ditu, Ertzaintzaren presentzia handiarekin. Pankartan “Produkzioa, zaintza, kontsumoa. Geratu! M8 paro internazionala” irakurri zitekeen arren, bestelako aldarrikapenak egon dira ibilbide guztian zehar.
Negeak, RKmeak, Guet eta Gasteizko Gaztetxeak antolatutako Gazte Feministon Astearen baitan, bloke ezberdinak abiatu dira mobilizazio nagusiarekin bat egiteko. Lehenengo biak, Judimendi auzoko Sumendu gazte espaziotik abiatu da, eta bigarrena Errekaleor auzo asketik. Judimendiko blokeko neska gazte bat identifikatu dute, Mozal Legea baliatuz, espedientea irekiko diotela esanez. Fariñasen, gazte feminista ugari batu dira alde zaharreko kaleak zeharkatzeko eta San Anton plazatik abiatu den Euskal Herriko Koordinadora Feministak deitutako mobilizazio nagusiarekin bat egiteko.
Mobilizazio nagusian milaka herritar batu dira, beste urte batez. Aipatzekoa ere lehen lerroetan, urtero bezala, Gasteizko emakume preso politikoen argazkiak presente egon direla. Manifestazioa bukatze aldera, Benetton eta Stradivarius denden aurkako ekimenak egin dituzte feministek, “Gora Borroka Feminista!” edo “Hemen emakume esklabutza dago” irakur zitekeen kartelekin. Dato eta Postas kaleetan ere, planto egin dute manifestaziora hurbildutakoek, minutu batzuetako eserialdia burutuz. Modu honetan, erahildako emakumeak izan dituzte gogoan.
Hala Beditik egunaren jarraipen berezia egin dugu eta atxikitu dugun txio segida honetan mobilizazioa nagusiaren berria eman dugu, #FeminismoaZorroztu traola erabiliz.
*Araba Hizpide magazinean Guet eta Negeak talde feministekin egindako tertulia, feminismoaren orainaldiaz eta etorkizunaz
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!