Martxoaren 3ko mobilizaziorako deialdia egin du Gazte Blokeak, “Batasunaren Indarra” lelopean
Urtero bezala, aurten ere, martxoaren 3ko mobilizaziorako blokea deitu du Gasteizko Gazte Blokeak. "Batasunaren Indarra" lemapean, 17:30etan Hala Bedi Tabernako kantoian hasiera emango dion blokearen deialdia egin dute.
Orain dela 47 urte Gasteizko langileriak egindako borroka omendu nahi izan du Gazte Blokeak, aurten bereziki gogoratuz “batasunaren indarra oinarri hartuta” eraman zutela borroka aurrera. Horrela, borroka “bateratu” harekin, “hiri oso bat antolatu eta gelditu zuten, sistemaren eliteei aurre eginez”.
Asanbladen bidez “auzoz auzo, lantokiz lantoki, kalez kale” egindako lana ere balioan jarri dute, baita emakumeen papera ere.
“Aldaketa posible zelaren ilusioa eta determinazioa hedatuta zegoen honetan, herriaren aurka dagoen sistema, erakunde eta estatuek ahaleginak egin zituzten hori deuseztatzeko. Ahalegin horretan hil zituzten Gasteizko 5 langile: Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda Moral, baina ez zuten lortu herriaren borroka grina eta duintasuna zapaltzea”, oroitu dute.
Gazte Blokeak salatu du gaur egun ere “sistema zisheteropatriarkal, kapitalista eta inperialistaren oldarraldia” ari dela ematen, “bizitza garestituz, prekarietatea biderkatuz eta emakume eta sektore zaurgarriak bazterrerago kokatuz”.
Egoerari aurre egiteko, kolektiboki antolatzeko eta erantzuteko deia egin dute, batasunaren aldeko mezua zabalduz berriro ere. Borroka horretan “norabide komunak” markatzeko apustua ere egin du Gazte Blokeak: bizitzaren garestitzea geldiaraztea, bizi baldintzak hobetzea, lan baldintzak duintzea, kolektibo marginalizatuen emantzipaziora bidean pausuak ematea eta emakumeen lanaren aitorpena aldarrikatzea.
“Gasteizko langileriak 1976an egin bezala, guk ere borrokaren lekukoa hartu eta gure lan eta bizi-baldintzak defendatzen jarraituko dugu”, aldarrikatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!