Martxoaren 3ko manifestazioan Ertzaintzak izandako jarrera salatu dute Gasteizen, Amurrion eta Lemoan
Hainbat lagun identifikatu zituzten kalez jantzitako Ertzainek eta bi atxilotu. Desordena publikoak eta agintarien kontrako erasoa egotzi dizkiete.
“Manifestazio osoan zehar sufritu genituen Ertzaintzaren jarrera erasokor eta mehatxuak. Kalez jantzitako dozenaka polizia izan genituen inguruan momentu oro azken urteetako presentzia polizial handienetarikoa pairatuz”, adierazi dute Gazte Blokeko bozeramaileek elkarretaratzean.
Hamarnaka pertsona identifikatu eta bi gazte atxilotu zituzten Ertzainek martxoaren 3ko manifestazioaren harira. Lehena, etxera bidean zihola; bestea, manifestazioa amaitu berritan. Bi gazteak polizia-etxera eraman zituzten. Salatu dutenez, ofiziozkoa ez zen abokatua izendatzeko eskubidea urratu zieten.
Ordu batzuk barruan egon eta gero aske utzi zituzten desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatuz. Gainera, kanpoan zain zeuden lagun eta senideak ere identifikatu zituzten, “zentzuzko arrazoirik gabe”.
Ertzaintzaren jarrera, errepresioa, eta identifikatuak eta atxilotuak izan zirenek jasotako tratu txar eta eskubide urraketak salatzeko, ehundaka lagun mobilizatu dira gaur eguerdiko 13:00etan Gasteizen, Amurrion eta Lemoan.
Azken urteetan “konfluentzian eraikitako espazio bat” izan dela gogorarazi du Gazte Blokeak, eta “garaiko martxoaren 3ko memoria gazteon eta ikasleon artean transmititu eta orduko aldarrikapenak egungo garaietara egokitu” dituela.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!